Eguraldi ona lagun, atzo Umore Azokaren XXII. edizioa hasi zenetik, Leioako kaleak eta plazak betetzen ari dira ikuskizunak ikusteko.
Lehenengo emanaldiak atzo arratsaldean izan ziren. Dantza, umore zentzugabea, mota guztietako zirku-saioak, musika ibiltaria eta Zanguangoren eskutik ibilaldi surrealista bat izan ziren.
Umore Azoka 2022ko bigarren eguna gaur hasi da, profesionalentzako goizeko jarduerekin, eta horren baitan Karrikan plataforma aurkeztu da, Euskal Herrian sortzen ari diren kaleko arteen konpainien ikuskizunen sorkuntza eta, neurri txikiagoan, hedapena bultzatu nahi duena. Gaur egun, Leioako, Bilboko, Gasteizko, Antsoaingo eta Hendaiako udalek osatzen dute plataforma, eta bazkide elkartuak Arrigorriaga, Iurreta eta Gipuzkoako Dantzagunea dira.
Eguerdian Harrera Ofiziala egingo da Mendibile jauregian, eta bertan Umore Azoka 2022 saria emango da ezagutzera, pertsona edo erakunde batek arte eszenikoen arloan egindako lana saritzeko. Halaber, Dikothomia, Delrevés Danza Vertical eta UpArte konpainiek 2019ko edizioko sariak jasoko dituzte.
Gaur arratsaldean emanaldiek jarraituko dute. Rouge Elea eta Barsanti kopainiak hasiko dira 17: 30etan eta Harrobi Dantzarekin itxiko da programa, 23: 30ean.
Biharko egitaraua
Umore Azokak bere hirugarren eguna ospatuko du bihar, larunbata, 28 emanaldirekin, goizeko 12: 30etatik gauerdira bitartean.
Egunean zehar arituko dira CircoG (Valentzia), Coraçao Nas Mâos (Portugal), Maduixa (Galizia), La Mecánica (Balear Uharteak), Cirk About it (Gaztela eta Leon), Ecentri Dardaró (Italia), Botproject/Lucas Ruiz, Xa Teatre eta Visitants (Valentzia), Michele & Francisca (Txile-Italia), Les Spectacles del 23 eta Elelei (Katalunia) eta Kanbahiota (Madril), Orain Bi, Trakamatraka, Dantzaz, Erre Produkzioak, Hika Teatro, Jokai, Maitane Sarralde, Hika, Deabru Beltzak, Markeliñe eta Harrobi Dantza euskal konpainiez gain.