Hamar egun falta dira Umore Azokaren XXIV. edizioa hasi dadin. Leioako Udalak garatutako azoka da eta kaleko arteen industriaren garapena sustatzea du helburu. Diziplina eszenikoei urteroko eskainitako azokaren emanaldi berri honek 40 konpainia baino gehiago izango ditu, horietatik bost nazioartekoak dira eta beraien profesionalak zortzi herrialdekoak dira: CIDELET POUR LES THERESES, Frantzia eta Argentinakoa; TETÊS DE MULES, Frantzia, Suitza eta Italiakoa; FACILE A RETENIR, Mexiko eta Frantziakoa; CIE BALANCETOI & MALETA COMPANY, Irlanda eta Belgikakoa; eta TEATRO DO MAR, Portugalekoa.
Umore Azoka 2024 datorren OSTEGUNETIK, maiatzaren 16tik IGANDERA, maiatzaren 19ra ospatuko da, eta doaniko 80 ikuskizun baino gehiagotaz gozatu ahal izango da herrian.
Aurten, Leioako Udalak 600 eskaera inguru jaso ditu, eta datu hau azoka martxan jarri zenetik lortutakoetatik handiena izanik. Horietatik, nazioarteko 5 konpainia hautatu dira eta programazioan sartuta daude. “Umore Azokak lekua egin eta sendotu du kultur azoken artean, ez bakarrik tokiko edo estatuko mailan, baita nazioartekoan ere. Kaleko arteen sektorearen azken proposamen berritzaileenen eszenatoki gisa kokatzen gaitu munduan”.
Bereziki nabarmentzekoak dira Tetês de mules (Frantzia) eta Teatro do Mar (Portugal) konpainien eskutik datozen proposamenak, “Apocalypso” izenpean Frantziako konpainiaren kasuan eta “Numb” portugaldarren kasuan. Biek publiko guztiarentzat zuzendutako antzerki-ikuskizunak eskeiniko dituzte, ostiralean, maiatzak 17, eta larunbatean, maiatzak 18, egunetan gozatu ahal izango direnak.
Teatro do Mar konpainiak 20 urte inguru daramatza espazio publikoari bereziki zuzendutako ikerketa eta sorkuntza lanetan, hau da, kaleko antzerkian. Euren lanen artean, antzerkitik, zirkutik, dantzatik, forma animatuetatik eta musika originaletik bideoaren teknologia berrietara igarotzen diren diziplina eszeniko guztiak konbinatuz egin dituzte emanaldiak. Umore Azokaren edizio honetarako proposatzen duten “Numb” ikuskizunak Carlos Campos, Douglas Melo, Lia Vilao, Luis Joao Mosteias eta Sofia Santos aktoreak izango ditu.
Bestalde, 2012an sortutako Tetês de mules konpainia frantsesak sortutako antzezlanak publikoarekiko interakzioa sustatzeko asmoa dute. Beste antzerki konpainia batzuekin lan egin izan dute, Cirque Ozigno, Cie Buffpapier eta Brunettes Bros taldeekin, besteak beste.
NAZIOARTEKO KONPAINIAK ETA IKUSKIZUNAK
CIDELET POUR LES THERESES – “SOMOS TODES INMIGRANTES” – FRANTZIA-ARGENTINA – Dantza eta antzerki fisikoa (50 min.)
Testurik gabe
Publiko guztiarentzat
Egunez / Gauez
Osteguna 16, 20:00 / Udalekua
Ostirala 17, 19:30 / Udalekua
Antzerkia, zirkua eta tangoa nahasten dituen ikuskizuna da. Valentina migrantearen historioa narratzen da, bere jatorrizko herrialdetik Europara egiten duen bidaia kontatuz.
Valentina datorren herrialdean emakumeek ezin dute bakarrik bidaiatu. Hortaz, berarekin zihoan gizona hil egiten denean, hartaz mozorrotzea erabakitzen du, bere herrialdetik irten ahal izateko.
TETÊS DE MULES – “APOCALYPSO” – FRANTZIA – SUIZA – ITALIA – Antzerkia (650 min.)
Gaztelera
Haurrentzat
Egunez
Ostirala 17, 22:00 / Errekalde Eskultura
Larunbata 18, 23:30 / Errekalde Eskultura
Ferietako sei saleroslek euren tiro-jokoa aurkeztuko dute, baina ikusleek jokatu aurretik makinak eztanda egingo du eta, itxura batean, dena galduta egongo da. Taldea jokoa konpontzen saiatuko da, baina gero eta egoera absurduagoetan sartuko dira eta protagonistek apokalipsiarekin duten harreman estuari egin beharko diote aurre: suntsiketa – gosea – gaixotasuna – gerra – heriotza. Hemen klixeak ikusten dira, plastikoa jaten da, erraiak isurtzen dira, kontsumo masiboa goraipatzen da eta isiltasuna baloratzen da. Ikusleek harrituta ikusiko dute munduaren amaiera posible bat, Raw Calypso musikaren erritmoan antzeztuta. Apocalypso pailazokeria galanta da, “gure ondoren, uholdea” deituriko gizarteari buruzko ikuskizun musikal eta barregarria.
FACILE A RETENIR – “Ópera para espaguetis” – MEXIKO-FRANTZIA – Komedia, malabarrak, magia (40 min.)
Gaztelera
Publiko guztiarentzat
Egunez
Osteguna 16, 20:30 / Stoa Bulebarra
Ostirala 17, 19:00 / Estartetxe
Objektuen antzerkiaren, malabare xelebreen, magia komikoaren, gastronomia alternatiboaren, arte martzialen eta eszentrizismo hutsaren artean noraezean ibiliz, “Ópera para espaguetis” lanak gizon baten eta bere eromenaren istorioa kontatuko du, urak noiz irakingo zain. Han dago erlaxatuta, oso erlaxatuta. Istorioa espageti-paketea irekitzen duenean hasten da…
eta hor hasten da tragikomedia!
Gozatu ikuskizunaz eta, batez ere, on egin!
CIE BALANCETOI & MALETA COMPANY – “Claudette” – IRLANDA- BELGIKA – Malabarrak eta marionetak (40 min.)
Testurik gabe
Publiko familiarra
Egunez / Gauez
Osteguna 16, 21:00 / Errota
Ostirala 17, 20:00 / Errota
CLAUDETTE biloba jostari baten eta amona samur, ameslari eta ipurterre baten istorioa da. Egun osoan bakarrik eta eserita egoteaz nekatuta eta, eguna joan eta eguna etorri, zopak eta pureak jateaz aspertuta, amonak berriro bizirik sentitu nahi du, izan ere… 90 urte ez dira egunero ospatzen!
CLAUDETTE zahartzaroari, gure amonei, jakinduriaz eta esperientziaz beteriko zimur horiei egindako omenaldia da.
Malabare eta txotxongiloen ikuskizun komiko eta poetikoa, Sararen (ikuskizunaren sortzaile eta interprete-txotxongiloa) amonarengan inspiratua. Amonak artista izatearekin amets egin zuen, baina bere adineko emakume askok bezala, ametsak alde batera utzi behar izan zituen besteen zerbitzura egoteko.
TEATRO DO MAR – “Numb” – PORTUGAL – Antzerkia eta zirkua (47 min.)
Testurik gabe
Publiko guztiarentzat
Gauez
Ostirala 17, 22:30 / Aldapa Auditorioa 3
Larunbata 18, 23:30 / Aldapa Auditorioa 3
NUMB (numb, apatikoa) kaleko multimedia ikuskizuna eta diziplina anitzeko ikuskizuna da, eskala handiko egitura eszenikoan oinarritua, eta bideo mapatua eta hainbat diziplina erabiltzen ditu, hala nola antzerki fisikoa eta aireko akrobazia (tresna ez-konbentzionalen gainean). Aktore-zerrenda ere diziplina anitzekoa da, eta dantzariak eta akrobatak uztartzen ditu. Sorkuntza honen abiapuntua apatia soziala da, birus moduan ikusten dena. Gaur egun ulertzen dugun gizartea suntsitzen ari den zerbait dela dirudi, emozioak sentitzeko eta adierazteko gaitasuna pixkanaka-pixkanaka desagertzen ari den mundu honetan, arriskuan jarriz munduarekiko, besteekiko eta geure buruarekiko dugun pertzepzioa eta harremana.
UMORE AZOKARI BURUZ
Leioako Udalak UMORE AZOKA – Leioako Kaleko Artisten Azoka antolatzen du duela 24 urte. 1988tik zegoen Umore Jaialditik sortu zen azoka, eta arrakasta handia izan zuen publikoaren eta kritikaren aldetik.
Helburu nagusia kaleko arteen industria (antzerkia, dantza, zirkua, musika, eta abar) garatzen laguntzea da, kaleko arteen sektore horien kontsumoa, ibilbideak eta koordinazioa sustatuz, eta konpainien/taldeen/artisten sustapena azpimarratuz.
Gaur egun, Umore Azoka ikuskizunak erakusteko eta sustatzeko gunea ere bada, eta, aldi berean, profesionalen arteko urteroko foroa. Iaz, Umore Azokak 30.000 pertsona bildu zituen Leioan lau egunez.