Leioako Udalak antolatutako Umore Azoka 2024 datorren MAIATZAREN 16an hasiko da. XXIV. edizio honetarako, kaleko artearen diziplina guztiak bilduko dituen azokak, txikientzat zuzendutako hainbat ikuskizun eskainiko ditu ere. Kategoria guztien artean, haurrei zuzendutako 7 emanaldi familiarrak nabarmendu daitezke, horietatik lau euskal konpainienak izanik.
Horrez gain, publiko guztientzat katalogatuta dauden beste 28 bat proposamenetaz gozatu ahal izango da ere, baina ikuskizun hauen ordutegia dela eta, ezin dira familiarrak diren ikuskizunen kalifikazioan sartu.
Familientzat zuzenduta dauden emanaldiak Umore Azoka izango den lau egunetan zehar izango dira eta Hika Teatroa (Euskadi), La Pez (Euskadi), Markeliñe (Euskadi), Cía. Trotamundos (Euskadi), Cía. Artilugio (Andalucía), Tetês de Mules (Francia) eta Cie Balancetoi & Maleta Company (Bélgica) konpainien eskutik datoz.
Iban Rodriguez Etxebarria Leioako alkateak adierazi duenez, “Kultura mundu guztiaren eskura egotea premiazkoa izan beharko litzateke, publikoaren adina edozein dela ere. Gainera, era honetan, txikienek Kultura aisialdiarekin eta dibertimenduarekin lotu dezakete. Horregatik, Leioako Udaletik uste dugu funtsezkoa dela Umore Azokan ere txikienei zuzendutako eskaintza anitza izatea”.
Publikoak ikuskizun hauetaz gozatu ahal izango du Umore Azokak irauten duen egun guztietan zehar eta sarrerak guztiz doakoak izango dira.
KONPAINIAK ETA IKUSKIZUNAK
HIKA TEATROA – “Atearen bestealdean / Al otro lado de la puerta” – Antzerkia (40 min.)
Testurik gabe
Familiarra
Egunekoa
Larunbata 18, 13:00 eta 19:00. Errekalde Kultur Leioa
Gaur bere urtebetetze eguna da eta hain egun berezian, NESKAK ez du bakarrik egon nahi. Horrexegatik, atea ireki eta bila aterako da.
FAMILIA OSOARI zuzendutako iksukizuna. TESTURIK GABEA eta PARTE-HARTZAILEA. ZUZENEKO MUSIKAREKIN.
Bizitza LAGUNARTEAN ospatzen jarraitzeko beharrrari egindako kantua.
LA PEZ – “Plaza” – Antzerkia (50 min.)
Euskera / Castellano
Familiarra
Egunekoa
Osteguna 16, 20:00 / Ostirala 17, 20:00. Boulevard Udondo
“Plaza antzezlanean, pertsona batzuek aspalditik gordeta dituzten gauzak kontatu eta egiten dituzte. Nire amonak ezkutuan idazten zituen gutunak eta egunerokoa ere irakurtzen dituzte. Gizon batek kontrabaxua jotzen du eta emakume batek pago-enborrak moztu eta harri ikaragarriak altxatzen ditu. Ni ere ateratzen naiz antzezlanean eta sekretu bat kontatzen dut.”
Noa García, 9 urte.
La Pez konpainiaren zigilu nahastezina daraman proposamena: Mintzairen fusioa, publikoarekiko hurbiltasuna eta inprobisazioa.
Performance Norsk 2024, Despacio, La Fundición Aretoa eta Getxo Herri kirolak taldeen laguntzarekin.
MARKELIÑE – “Art-ilusio” – Antzerki gestuala (60 min.)
Testurik gabe
Familiarra eta publiko guztiarentzat
Egunekoa
Ostirala 17, 19:00 / Larunbata 18, 19:00. Patio Institutua / Igandean 12:30. Sabino Arana
Itxura fantastikoko makina handi bat da, eta ez dakigu zertarako balio duen. Tramankulu bitxi horrek bihotz baten erritmoan funtzionatzen duela hauteman dezakegu, bai eta liburuz elikatzen dela ere.
Greta, adineko emakume maitagarria, bere liburu- eta ipuin-liburutegi txikian zokomiran entretenitzen da.
Bere osasun delikatua dela eta, Gretak Pina gaztearen zainketak behar ditu. On Kixoteri bezala, Gretari ere buruak huts egiten dio. Hori ere liburu eta ipuinen irakurketa konpultsiboagatik ote da? Harentzat, makina, jostailu handi baten antzekoa da. Bere liburuen fantasia birsortzeko balio dio, eta Pina erabiltzen du bere istorio eta pertsonaien artean nahaspilatuz… Makinak fantasiazko testuinguruak, agertokiak eta pertsonaiak sortzen ditu, antzezteko eta jolasteko agertokiak. Izan ere, Greta adineko emakumearentzat, liburu bat irekitzea bizitza ikustea da, baina beste era batera.
CÍA. TROTAMUNDOS – “Finito-infinto” – Zirkua (50 min.)
Testurik gabe
Familiarra eta publiko guztiarentzat
Egunekoa
Osteguna 16, 19:30 / Ostirala 17, 18:00. Boulevard Hombre Verde
Zirkulartasunak ez du amaierarik. Ez dakigu non hasten den edo non amaitzen den. Aukeratu al dezakegu zirkulartasun horretatik irtetea? Zirkuluan goazen eta, batzuetan bizkorrago eta beste batzuetan patxadatsuago, gauzak behin eta berriz bizi ditugun sentsazioarekin pasatzen gara munduan. Baina eguneroko eta ohiko ibili horretan beti daude pitzadurak.
Eten al daiteke monotonia eta gauzen norabidea aldatu? Zer da benetan garrantzitsua? Zerk bultzatzen gaitu gauzak egitera? Zerk behartzen gaitu zirkuluan jarraitzera? Zerk behartzen gaitu gelditzera, haustera, erritmoa aldatzera…?
Kaleko ikuskizuna publiko guztientzat, 50 minutu inguruko eszenaratze zirkularrarekin. Gai transzendentala jorratzen da, zirkulartasuna, baina umorea galdu gabe, umorea gure aliatu eta bizitzako lagun bihurtuz.
CÍA. ARTILUGIO – “In n’ out” – Porte akrobatikoak, soka malgua, botilen gaineko oreka (45 min.)
Testurik gabe
Familiarra
Egunekoa eta gauekoa
Larunbata 18, 20:30 Errekalde Naranjos/ Igandea 19, 13:00. Boulevard Udondo
Bizitzaren soka mehearen gainean balantzaka dabiltzan eta etengabeko noraezean ibilbidearen eta helmugaren nozioa galdu duten bi pertsonaia arrunten erraietan egindako bidaia. Anonimoak eta biluzik ikusezintasuneraino.
Edozein hiritako edozein lekutan egon daitekeen banku baten inguruan kokatuta dago antzezlana. Bizitzak bigarren planoan gordetzen dituen lekua da. Bizitza horietarako, denbora eten egiten da eta arnasa hartzen du, egunero geldirik, metropolian itsu-itsuan eta ziztu bizian aurrera doan jendetzaren artean geldituta balego bezala. Agian, hor gertatzen da, halabeharrez, beren istorioa bizkarrean daramatenen arteko topaketa.
Hurbilagotik begiratzera gonbidatzen gaituen ikuskizuna da, istorio hurbil eta dibertigarri bat kontatuz, zirkuaren bidez publiko guztia hunkitzeko gai dena; ibilera akrobatikoak eta orekak (soka laxatua eta botilak), eta antzerki fisikoa.
“Goitik begiratzea ez da begiratzea, beste begi batzuen parean begiratu behar da” El Cielo sobre Berlín.
TETÊS DE MULES – “Apocalypso” – Antzerkia (50 min.)
Gazteleraz
Familiarra
Gauekoa
Ostirala 17, 22:00 / Larunbata 18, 23:30. Errekalde Escultura
Ferietako sei saleroslek euren tiro-jokoa aurkeztuko dute, baina ikusleek jokatu aurretik makinak eztanda egingo du eta, itxura batean, dena galduta egongo da. Taldea jokoa konpontzen saiatuko da, baina gero eta egoera absurduagoetan sartuko dira eta protagonistek apokalipsiarekin duten harreman estuari egin beharko diote aurre: suntsiketa – gosea – gaixotasuna – gerra – heriotza. Hemen klixeak ikusten dira, plastikoa jaten da, erraiak isurtzen dira, kontsumo masiboa goraipatzen da eta isiltasuna baloratzen da. Ikusleek harrituta ikusiko dute munduaren amaiera posible bat, Raw Calypso musikaren erritmoan antzeztuta. Apocalypso pailazokeria galanta da, “gure ondoren, uholdea” deituriko gizarteari buruzko ikuskizun musikal eta barregarria.
CIE BALANCETOI & MALETA COMPANY – “Claudette” – Malabareak eta txotxongiloak (40 min.)
Testurik gabe
Familiarra
Egunekoa eta gauekoa /
Osteguna 16, 21:00 / Ostirala 17, 20:00. Molino
CLAUDETTE biloba jostari baten eta amona samur, ameslari eta ipurterre baten istorioa da. Egun osoan bakarrik eta eserita egoteaz nekatuta eta, eguna joan eta eguna etorri, zopak eta pureak jateaz aspertuta, amonak berriro bizirik sentitu nahi du, izan ere… 90 urte ez dira egunero ospatzen!
CLAUDETTE zahartzaroari, gure amonei, jakinduriaz eta esperientziaz beteriko zimur horiei egindako omenaldia da.
Malabare eta txotxongiloen ikuskizun komiko eta poetikoa, Sararen (ikuskizunaren sortzaile eta interprete-txotxongiloa) amonarengan inspiratua. Amonak artista izatearekin amets egin zuen, baina bere adineko emakume askok bezala, ametsak alde batera utzi behar izan zituen besteen zerbitzura egoteko.
UMORE AZOKARI BURUZ
Leioako Udalak UMORE AZOKA – Leioako Kaleko Artisten Azoka antolatzen du duela 24 urte. 1988tik zegoen Umore Jaialditik sortu zen azoka, eta arrakasta handia izan zuen publikoaren eta kritikaren aldetik.
Helburu nagusia kaleko arteen industria (antzerkia, dantza, zirkua, musika, eta abar) garatzen laguntzea da, kaleko arteen sektore horien kontsumoa, ibilbideak eta koordinazioa sustatuz, eta konpainien/taldeen/artisten sustapena azpimarratuz.
Gaur egun, Umore Azoka ikuskizunak erakusteko eta sustatzeko gunea ere bada, eta, aldi berean, profesionalen arteko urteroko foroa. Iaz, Umore Azokak 30.000 pertsona bildu zituen Leioan lau egunez.