“Euskal konpainiak funtsezkoak dira Umore Azokarentzat, eta Umore Azoka funtsezkoa da euskal konpainientzat. Oso lotura estua dute”. Horregatik aurkeztu ditu Ana Lopez zuzendari artistikoak maiatzaren 19tik 22ra bitarte Leioako XVII. Umore Azokan parte hartuko duten Euskal Herriko konpainiak Bilbon Euskadiko Artxibo Historikoan eskainitako prentsaurrekoan. Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordeak ere parte hartu du aurkezpenean.
Lopezek azaldu duenez, guztira, 18 euskal konpainiak hartuko dute parte, eta horietariko 11k obra berria estreinatuko dute. Beren lan berrien lehen emanaldia eskainiko dute Leioan, beraz, Ana Capilla & Julia Farber, Bapatean, Laura Cobo konpainia, Deabru Beltzak, Laglo ZikDantza, Larrua, Plataforma Tirante Teatro y Danza, Philo & Jole, Sainete konpainia, Suhar prest eta Trapu Zaharra taldeek. Horiez gain, beren azken lanak erakusten izango dira Zanguango Teatro, Tio Teronen semeak, Organik Dantza Antzerkia, Nui Danza, Matxalen Bilbao eta Malas Compañías taldeak. Bestalde, iaz Umore Azokako Kale Ikuskizunik Onenaren saria jaso zuen Markeliñe konpainiak ere ez du hitzordura hutsik egin nahi izan, eta Crusoe piezaren aurre estreinaldia eskainiko du Leioan. La Banda talde nafarra ere Leioan izango da “Km 0” obra estreinatzen. Jaialdiaren garrantzia azpimarratu du Muñozek hedabideen aurrean, eta Eusko Jaurlaritzak kale arteak eta arte eszenikoak bultzatzeko martxan dituen programak aurkeztu ditu.
OREKA ETA UGARITASUNA
“Ezinbestekoa da euskal taldeekin dugun gertutasun hori, eta jaialdiaren nortasunaren ezaugarri nagusietariko bat ere bada, gainera; azken finean, elkarrekin hazi gara”, azaldu du Lopezek. Lotura berezi horren erakusgarri da, adibidez, Deabru Beltzak taldeak 20 urteko ibilbidea ospatzeko Umore Azokan estreinatuko duen piroteknia eta erritmoz osatutako Su à Feu ikuskizuna. Diziplinen arteko oreka azpimarratu du Lopezek programazioan. Lopez: “Hibridazioa da ohikoena kale arteetan, kalean dena sartzen delako, baina hibridazio horretan ere diziplina guztiak daude presente euskal taldeen eskaintzan: antzerkia, dantza, clowna, zirkua, txotxongiloak eta performancea, tartean”. Prentsaurrekoan hainbat euskal taldetako ordezkariak izan dira beren lanak aurkezten, eta Malas Compañías taldeak Leioan kalerako estreinatuko duen Letter ikuskizunaren lagin bat eskaini du.
Leioako eszena lokalak ere pisu berezia izango du aurten egitarauan. Aurrenekoz, herriko taldeek espazio propioa izango dute programan. Umore Azokan izango dira Leioako Musika Banda eta Diego Galaz musikaria, Despertar los sentidos elkarte artistikoa, Andoni Aresti Dantza Eskola eta Gerry Regitschnig clowna. Leioako taldeen lanak Leioan ikusteko aukera eskainiko du Umore Azokak, beraz. Azokaren urtetako lanarekin lotu du presentzia hori Lopezek. “Umore Azokaren 17 urteko ibilbideak oinarri bat sortu du Leioan, eta horrek bertako elkarte eta sortzaileek aurrera egitera animatu eta beren lanak talde profesionalen lanekin batera aurkeztera animatu ditu. Publikoa sortzen du horrek eta kale arteekiko sentsibilitatea hazi ahala, ehun artistikoa ere aberasten joaten da”.
ERAKUSLEIHO HANDI BAT
Estatutik eta beste herrialdeetatik etorritako taldeekin batera arituko dira euskal konpainiak Umore Azokan. Guztira, 50 konpainia egongo dira, eta erabateko 21 estreinaldi ikusiko dira orotara. Aurrean 27.000 ikusle inguru izango dituztela espero da, eta baita sektoreko ia 200 profesional inguru ere. Umore Azoka ez baita jaialdia soilik; batez ere programatzaile, banatzaile, jaialdi zuzendari eta artistak biltzen dituen azoka handi bat da Umore Azoka. Eta hain zuzen ere horregatik da hain garrantzitsua euskal taldeentzat, kontratu berriak lortu eta beren burua ezagutzera emateko erakusleiho handi bat ere badelako. Azokako zuzendariak zehaztu duenez, gainera, baieztatuta dago jadanik hainbat programatzaile entzutetsuren presentzia. Frantziako Chalon dans la Rue eta Libourneko Fest ́Arts azoketako zuzendariak daude Leioan izango direnen artean, adibidez, eta baita Koreako Hi Seoul Festival eta Ansan Street Arts Festival jaialdietako ordezkariak ere. Nabarmentzekoa da ere jaialdi egunetan Akitania-Euskadi II. topaketa ere egingo dela Leioan azoka eguneatan, eta Etxepare Euskal Insitutuak Euskal Kultur Elkargoak sustatuta. Ez da bilkura bakarra izango. SAREA- Euskal Antzoki Sareak ere, ohi duenez, bere batzar orokorra egingo du Umore Azokan, eta Artekale espazioa, bestalde, profesionalen topagune izango da.
SORMENARI BULTZADA
Umore Azokak euskal konpainiekin duen konprimisoa ez da jaialdi egunetara soilik mugatzen. Ekoizle papera jokatzen du azokak taldeei entseguak egin ahal izateko espazioak eskaintzeko kolaborazio hitzarmenak sinatuz. Aurten, esaterako, Deabru Beltzak eta Laura Cobo konpainiak Kultur Leioan izan dira beren lan berriei azken ukituak ematen. Bestetik, Frantziako Vendaval, Kataluniako La Industrial Teatrera eta Valentziako Nacho Diago konpainiak ere lagundu ditu Umore Azokak.
Sariak dira promozioa laguntzeko beste bideetariko bat, promoziorako lagungarri baitira, eta maiz lagungarri egiten baitzaizkie taldeei beste jaialdi batzuetan aritu eta beren burua ezagutarazteko. Eta hiru dira aurten Umore Azokak banatuko dituen sariak. Kale ikuskizunik onenaren saria (trofeoa eta diploma), Euskadiko kale ikuskizunik onenaren saria (trofeoa eta diploma), eta Artista/Ikuskizun Berririk Onenaren Saria (hurrengo ikuskizuna sortzeko Hamekan erresidentzia).