Umore Azoka Leioak, Leioako Udalak antolatutako Kale Artisten Azokak, irailaren 16tik 19ra bitartean hartuko ditu kaleak berriro, “ilusioz betetako” programarekin eta egungo egoera pandemikora egokituta. Euskal Herriko, Estatuko eta Europako beste herrialde batzuetako 39 konpainia izango dira Leioa berriro eszenatoki bihurtuko dutenak, ikus-entzule guztientzako askotariko emanaldiekin.
XXI. Umore Azoka Leioako programazioaren aurkezpena gaur goizean egin da Kultur Leioan, eta bertan izan dira Iban Rodriguez Etxeberria Leioako alkatea, Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria eta Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia. Kultura eta Kirol Ministerioaren esku dagoen INAEMekin batera, ekitaldi honen laguntzaile nagusien taldea osatzen duten erakundeak dira.
“Gogoa, ilusioa, poza, kitzikapena… berba horietako edozeinek balio du Leioako Umore Azokaren edizio honen aurrean bizi dugun egoera definitzeko. Agian ez da konpainia gehien ekarriko dituena edo nazioartekoena, baina, zalantza barik, bereziena da, pasatu behar izan ditugun inguruabar guztiengatik”, ziurtatu du Iban Rodriguez Etxeberria Leioako alkateak. “Umore Azoka Leioa hemen dago eta berme guztiekin ospatuko dela ziurtatu dezakegu”.
Horrela, alkateak gogorarazi du Umore Azoka erronka eta ahalegin ekonomikoa dela urtero hiriarentzat, baina inoiz ez dela zalantzan jarri alderdi askotan errentagarria dela erakutsi duen ereduaren jarraipena. “Umore Azoka tokiko ekonomia dinamizatzen duen hiriko ekitaldia baino askoz gehiago da; erreferentzia da, halaber, gure herrialdeko kultur sektorearentzat, eta, gaur inoiz baino gehiago, gizartearen gogoa berreskuratzeko modu bikaina ere bada. Ilusioak gorantz kotizatzea gura dugu”, adierazi du.
Ikuspuntu profesionaletik, Rodriguez Etxeberriak gogorarazi du ekitaldi honetan biltzen dela EAE osoko euskal konpainia gehien –aurten, programazioa osatzen duten 39etatik 22 EAEkoak dira–, eta jaialdi eta azoka profesionala uztartzen dituen bakanetako bat dela. “Lau egun hauetako jarduera ez da kaleetara mugatuko; aldi berean, konpainiek eta profesionalek lan egiteko eta esperientziak partekatzeko gune aproposa izango dute Kultur Leioan”.
Azkenik, alkateak beren beregi aipatu gura izan du Kultura Arloak eta Leioako Umore Azoka antolatzen parte hartzen duten profesionalek ziurgabetasun handiko egoeretan egindako lana. “Oso zaila da beti horrelako azoka bat antolatzea, baina aurten are zailagoa. Hemendik, eskerrik beroenak ahalegin honetan parte hartzen duten guztiei, Kultura arloari, udal talde teknikoei eta mantentze-lanetako langileei”.
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiak, Begoña de Ibarrak, honako hau ziurtatu du: “Leioako Umore Azoka dudarik gabe kultur egitasmo garrantzitsua da, programazio zabal, askotariko eta kalitatezko baten erakusleiho interesgarri eta bikaina baino gehiago, kaleko arteen motorra da. Eta aurten ere, zailtasunak zailtasun, horrela izango da. Leioako Umore Azokak Euskadi eta Euskadi kanpoko kaleko artisten emaitzik interesgarrienak eskeintzen deuskuz”. Ildo beretik jo du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak, Aitziber Atorrasagastik, eta agerian utzi nahi izan du “erakundeek konfiantza dutela gure artisten kalitatean, eta horrek ekarri gaitu Leioara beste merkatu batzuetako programatzaileak eta ekoizleak ekartzera, portugaldarra kasu, kanpoan susta daitezen errazteko”.
39 konpainia eta 100 emanaldi inguru
Programazioari dagokionez, XXI. edizioa kalitateak eta aniztasunak markatuko dute berriro ere. Izan ere, Batzorde Artistikoak 400 proposamen baino gehiagoren artean aukeratu ditu parte hartuko duten konpainiak, eta programa zabala sortu du. Parte hartuko duten 39 konpainiek 94 emanaldi egingo dituzte. Antzerkia, dantza eta zirku garaikidea izango dira ardatz nagusiak, baina “clownaren” umorea, musika, magia, dantza bertikala, txotxongiloak eta ikuskizun piroteknikoa ere izango ditugu.
Sormenaren sektoreari dagokionez, umore Azoka Leioa da oraindik ere Euskal Herriko Kaleko Arteen funtsezko erreferentzia, 22 euskal konpainiak hartuko baitute parte. Horrek, euskal konpainia gehien ekitaldi berean kontzentratuko diren lekua dela esan gura du. Gainera, programa artistikoak Estatuko 14 konpainiaren eta nazioarteko 3ren parte hartzea aurreikusten du, kasu honetan Belgika, Portugal eta Ukrainatik etorritakoak. Estatuko konpainiei dagokienez, Madril, Murtzia, Gaztela eta Leon eta Galiziako konpainiak etorriko dira eta garrantzitsua da Kataluniako konpainien presentzia, neurri batean Fira de Tarregarekin, nazioarteko hitzordu ospetsuenetako batekin, batera egiten den NOMADAS programari esker.
Aurten Azoka maiatzetik irailera atzeratu denez, eta, beraz, ikasturte artistikoa oso aurreratuta dagoenez, konpainiek ezin izan dute estreinaldirik aurkeztu Leioako Umore Azokan. Hala ere, aukeratutako ikuskizunen aniztasunak eta kalitateak programazio oso osoa bermatzen dute, eta nabarmentzekoa da ikus-entzuleek benetan gozatuko dituzten lan ospetsuak egongo direla bertan.
Euskal konpainien aldetik, ikuskizun hauek hartuko dute parte: “Hauts-Basaide diptikoa” (Dantza), CIA. BILAKA KOLEKTIBOArena; “¡Qué buen día!” (Antzerki – Clowna), CÍA. LA MAITE GUEVARArena; “SYMFEUNY” (Piroteknia), DEABRU BELTZAKena; “Sin varita y con sombrero” (Magia), DRAMAGIArena; “Dye dye” (Dantza), ERTZArena; “Panoli kabareta” (Antzerkia – Clowna), GANSO & CIA.rena; “Ur” (Dantza), HAATIK DANTZA KONPAINIArena; “Tonbola” (Antzerkia), HIKA TEATROArena; “Al final del camino” (Antzerkia), HORTZMUGA TEATROArena; “Bomba bat naiz/Soy la bomba” (Antzerkia – Clowna), INTUJAI TEATRO – BEA LARRAÑAGArena; “La punta de mi nariz” (Zirkua), KOLEKTIVO KONIKArena; “Rotonda circus” (Performancea), LA PEZena; “Zirkus” (Zirkua – Musika), MALAS COMPAÑÍAS ZIRKO TALDEArena; “Legea gu gara/Somos la ley” (Antzerkia), CÍA. BARSANTIrena; “Tres sure” (Clowna), MAYBE A COMPANYrena; “Garaiz: 60 t.m.” (Dantza, musika eta instalazioa), MUGMUS LABORATEGIArena; “Hor konpon” (Dantza Clowna), OIHULARI KLOWN S.L.-rena; “Muda” (Dantza), PROYECTO LARRUArena; “Por hacer un favor…/Mesede bat egitearren” (Antzerkia), TRAPU ZAHARRArena; “Pas pas pas mirada nómada” (antzerki performancea), ZANGUANGO TEATROrena; “Errotzen” (Dantza bertikala), ZINBULU KOLEKTIBOArena; eta “KOBR3” (Zirkua), ZIRKOZAURRErena.
Estatuko konpainien obrak, bestalde, hauek izango dira: “Cándido”, LANÖRDIKArena (ANDALUZIA-Zirku Clowna); “Titiriscopio-canalla”, ARAWAKErena (GAZTELA ETA LEON-Txotxongiloak); “Home”, CÍA. CRIS-ISena (KATALUNIA-Clown Antzerkia); “Toca toc”, CÍA. PAKIPAYArena (KATALUNIA-Antzerkia Zirku Clowna); “Echoes”, CÍA. MOVEOrena (KATALUNIA-Antzerki Zirku Dantza); “Fancy Fence”, ENMEDIO Y ANDREA PAZena (KATALUNIA-Antzerkia); “Jet lag”, ILUYArena (KATALUNIA-Clown Antzerkia); “Herencia”, LA INDUSTRIAL TEATRERArena (KATALUNIA-Clown antzerkia); “Mentir lo mínimo”, CIA. ALTA GAMArena (KATALUNIA-Zirkua); “Leira”, NOVA GALEGA DE DANZArena (GALIZIA-Dantza); “KROSS-MIC Locas historias”, LA CHIVATA TEATROrena (MADRIL-Antzerkia); “Suspensión”, NUEVEUNOrena (MADRIL-Zirkua); “Tartana”, TROCOS LUCOSena (MADRIL-Zirkua); eta “Glubs”, NACHO VILAR & YLLANArena (MURTZIA-Antzerkia).
Azkenik, nazioartetik, “Adventures in planet loves”, JORDI L.VIDALena (BELGIKA-Dantza Zirkua); “O2 oxygen”, PIArena (PORTUGAL-Antzerkia); eta “Anime Leggere”, DEKRUrena (UKRAINA-Zirkua) lanak ikusi ahal izango dira.
Espazioak eta segurtasun neurriak
100 emanaldi inguru egingo dira ostegunetik igandera bitartean, 9 leku desberdinetan: Errekalde Plazan, Elexalde Errotan, Udaletxe Plazan, Udaletxe Biribilgunean, Bulebarrean, Institutuan, Aldapa Auditorioan, Udondon eta Kandelazubietan.
Ia jarduera guztiak karpa azpian egingo dira; horrela, edukieren kontrola eta ikuskizunak gauzatzea bermatuta egongo dira, baita eguraldi txarra egiten badu ere. Ikusizunetara sartzeko bete beharreko segurtasun-neurrien artean daude maskara erabiltzea, eskuak desinfektatzea, esleitutako eserlekua iritsiera-ordenaren arabera okupatzea (bizikidetza-unitate bakoitzeko pertsonak taldekatzea baimentzen da), eta leku desberdinetatik sartzea eta irtetea.
Jarduera profesionalak
Hasieratik, Umore Azoka Leioa sektorea ezagutzeko, elkartzeko eta hausnartzeko gune gisa eratu da, eta, horregatik, aldi berean, hainbat jarduera profesional egiten dira. Jarduera horietarako Estatu osoko 190 profesional baino gehiagok eman dute izena, eta baita Portugalgo Kaleko Arteen arloko zuzendarien eta banatzaileen ordezkaritza batek ere.
Jarduera horiek Artekale – Euskadiko Kaleko Arteen Elkartearen, SAREA, Euskadiko Espazio Eszenikoen Sarearen, COFAE, Arte Eszenikoen Estatuko Azoken Koordinatzailearen eta, edizio honetan, Fira de Tarregaren laguntza dute. Jardunaldi ireki bat egingo da Kultur Leioa Auditorioan, “Pandemia ondorengo garaia Kaleko Arteentzat” izenburupean, sektoreko Estatu mailako teknikarien, zuzendarien, konpainien eta abarren parte-hartzearekin.
Jarduera nagusien artean, aipatzekoak dira SAREAren Batzar Nagusia Kultur Leioako Auditoriumean; eta euskal konpainien proiektu eta prozesu artistikoen aurkezpena barne hartzen duen VI. Artekale-Sarea Topaketa. “Sorburu” saio bat ere egingo da. Saio horretan, 4 proposamen aurkeztuko dira auditorioan, horien kontratazioa bultzatzeko.
Gainera, bi egunetan Plazaratu saioak egingo dira, eta horien barruan sektoreko “txokoa” eta umore Meeting-ak edo negozio-bilera azkarrak. Azkenik, bi aurkezpen egingo dira: alde batetik, “COFAEko Azoketan akreditatutako erakunde profesionalen bertaratzeak eta mugikortasuna” gaiari buruzko COFAEren azterlana, eta, bestetik, Manuel V. Vilanovaren “Paisajes Escénicos” liburua.