UMORE AZOKA-Kaleko Artisten Azokak Markeliñe konpainiari eman dio 2013ko Ohorezko Saria, antzerkigintzan “ahotsa kasik altxatu gabe” emandako ia hiru hamarkadengatik eta “langile nekaezinak, profesional apartak eta ondo egindako antzerkigintzaren enbaxadoreak” direlako. Ohorezko sari honetaz gain, Mendibile Jauregian izan den ekitaldian 2012ko irabazleen sariak banatu dira. La Passante talde frantziarrak ‘Rue des Dames’ lanagatik irabazitako Ikuskizun onenaren saria jaso du; Gaitzerdi Teatrok ‘SUZ (A fuego)’ antzezlanagatik lortutako Euskadiko Ikuskizun onenaren saria eraman du eta ATX Teatrok ‘Gnosia’ sorkuntzagatik lortutako aipamen berezia jaso du.
Bihar, larunbata 18, 2013ko egitarauan iragartzen diren azken lau estreinaldiak eskainiko dira. Tiritirantes konpainiak irekiko du aurkezpenen egitaraua, edozein ikusle artista bilakatzeko gonbitea egiten duen ‘Cirqueamos’ instalazio-zirkoarekin eta jarraian La Güasa Circo Teatroren ‘Móbil’ laneko antzezle-malabaristak eskaintzen dituen clown eta malabareen arteko uztarke izango da ikusgai. Cachaba Teatrok ‘Viejos’ lanean aurkezten dituen bost edadetu eta beraien bizirauteko ahalegina eszenaratuko du eta, azkenik, Trapu Zaharrak Fundazio xelebre batek beraien bazkideentzat eskaintzen dituen jarduerak aurkeztuko ditu ‘La vida en B’ ikuskizunean.
Larunbateko egitarauan beste berrogei agerraldi inguru tartekatuko dira, lanen oinarria zirko ezaugarriak, clown, antzerkia, dantza edo musika dela. Eguraldi txarra dela eta, antolatzaileak ordezko agertokiak prestatu dituzte Kandelazubieta eta Sakoneta kiroldegietan, herriko arkupeetan eta estalitako beste zenbait eraikuntzetan.
Egunean zehar Arte Eszeniko profesionalen arteko ‘Speed meeting’en saioak izango dira. Gainera, Leiar Argazki Taldearekin elkarlanean antolatutako zazpigarren Argazki Rallya izango da 11.30tan hasita eta lehiaketan parte-hartzea argazkilari guztientzat irekita dago.