Ikusi aurretik ikasi. Asmo horrekin antolatzen ditu urtero Leioako Umore Azokak ikastaroak jaialdiaren aurreko asteetan. Izan ere, azokan beti dago zer ikusia eta baita zer ikasia ere. Kale arteen zale eta artistentzako topagune garrantzitsu bilakatu da urteekin Leioako hitzordua. Iaz 35.000 ikusle gerturatu ziren Leioara azoka egunetan, eta aurten ere kalitatez eta estreinaldiz betetako egitaraua prestatu dute antolatzaileek. 100 profesional baino gehiago (programatzaileak, kultur kudeatzaileak, banatzaileak…), 170 emanaldi baino gehiago, eta milaka zaletu batuko ditu aurten ere Umore Azokak maiatzaren 21etik 24ra bitarte.
Azoka hasi aurretik bilakatzen da bilgune Leioa, halere, eta luxuzko bi gonbidatu izango ditugu azokaren atarian oraingoan: Pepe Zapata eta Cacahuète konpainia. Kultur profesionalen artean erreferentziazko community managerra da Zapata, eta hitzaldia eskainiko du maiatzaren 14an. Cacahuète konpainiakoek, berriz, workshopa eskainiko dute bi egunez: maiatzaren 19 eta 20an.
Izena emateko epea zabalik dago www.umoreazoka.org/jarduerak/ atarian.
(Fotoa: Universitat de Barcelona)
PEPE ZAPATA, NOLA KOKATU SAREAN
Noiz: Maiatzaren 14an.
Non: Kultur Leioan.
Zer: “Nola kokatu sarean” ikastaroa, COFAE-rekin elkarlanean.
Norentzat: Marketin eta kultur kudeatzaileentzat, kultur erakundeetako profesionalentzat, nahiz azokan parte hartuko duten bestelako profesionalentzat.
Aparteko sona dauka Pepe Zapatak estatuko kultur profesionalen artean, Bartzelonako Mercat de les Flors antzoki ezaguneko komunikazio eta marketin arduraduna izan baita. Gaur egun, Tekneculturako bazkide eta aholkulari da, eta baita Pompeu i Fabra eta Bartzelona Unibertsitateko irakasle eta aktore ere. Ferrán Adriá sukaldariarekin ere kolaboratu du Alícia Fundazioan, adibidez.
Jakintza esparru zabal horrek eta bere ikuspegi praktikoak egiten dute berezi Zapata. Eta hori izango da, hain justu, Leioan eskainiko duen hitzaldiaren ardatza. Sare sozialetako komunikazio estrategiak hobetzeko irizpideak, tresnak eta teknikak irakatsiko ditu.
Adi, gehienez 20 pertsonakoa izango da taldea. Prezioa: Debalde.
CACAHUETE KONPAINIA, AKTORE BILA
Noiz: Maiatzaren 19 eta 20an.
Non: Kultur Leioan.
Norentzat: Kale arte eta arte eszenikoetako profesional eta zaletuentzat, orohar. Ez da aurretiazko esperientziarik behar, gogoarekin nahiko!
Iraupena: 12 ordu.
Bere ikuskizunaren parte bihurtuko du jendea Cacahuète konpainiak. Izan ere, Pascal Larderet zuzendari artistikoak eskainiko duen ikastaroak bi atal izango ditu: kale antzerkiaren eta L`enterrement de Maman XXL ikuskizuneko gako nagusiak azalduko ditu lehenik workshopean. Horretarako, antzezlanean azaltzen diren gai eta pertsonaien eraketa aztertuko dute, eta ikastaroan parte hartuko duten herritarrekin landuko dute obra. Ondoren, workshopean ikasi eta prestatutakoa erakutsiko da Umore Azokan. Alegia, ikastaroan parte hartuko duten ikasleak L`enterrement de Maman XXL ikuskizuneko aktore bihurtuko dira.
Gidari ezin apartagoarekin, gainera. Pascal Larderet antzerkigile, hezitzaile eta sortzaile frantsesa da, eta 1984ean sortu zuen Cie Cacahuéte. L’eterrement de Maman ikuskizunari dagokionez, 40 herrialdetan antzeztu dute, eta 700 emanaldi baino gehiago eskaini dituzte. Horrekin batera, 1998tik tailerrak eskaintzen ditu nazioartean. Europan, Kanadan, Ekialde Hurbilean edo Marokon, esaterako.
Adi, gehienez 15 pertsonakoa izango da taldea. Prezioa: 120 € (%50ko deskontua Kultur Leioako Lagunentzat, Leioako elkarteentzat baita Artekale bazkideentzat ere / % 25ko deskontua arte eszeniko elkarteentzako bazkideentzat –ADDE, Eskena, Ehaze, etab.-).