Euskal Herriko antzerki bultzatzaile nagusienetako bat da Juan Ortega Roldán (Elche de la Sierra, Albacete, 1943). Lau hamarkada eman ditu Eibarko Antzerki jardunaldiak antolatzen, izen ezaguna da Euskal Herriko antzerkigintzan. Topaketa hauek saritu zituen Umore Azokak orain urte batzuk, eta Ortega izan zen orduan saria jasotzen. Oraingoan, berriz, bera izango da saritua, Umore Azokak bere ibilbide oparo bezain luzeari aitortza egin nahi baitio.
Gaztetatik hasi zen lanean Ortega. Irakasle gisa lan egitera etorri zen Eibarrera 26 urterekin. Unibertsitate Laboralean hasi zen eskolak ematen, eta geroztik antzerkigintzaren alde lan franko egin ditu. Izan ere, antzerki jardunaldietan ezezik, Debako Haur Antzerki Topaketako arduradun ere izan zen, eta bertako “Narruzko Zezen” unibertsitateko teatro taldeko sortzailea ere bada.
Erretiroa hartua du Ortegak, baina lanean jarraitzen du antzerkiaren alde. “Narruzko Zezen” taldearen zuzendari artistikoa da egun, eta Euskal Antzoki Sareko Batzorde artistikoko kide izan da orain gutxi arte. Horregatik, eta Umore Azokarekiko izan duen lotura estuagatik jaso du gaur eguerdian Leioako Mendibile jauregian Ohorezko saria. Zorionak Juan, eta mila esker egindako lanagatik!
IAZKO SARIDUNAK
Mendibile jauregiko ekitaldian, gainera, iazko saridunei banatu zaizkie 2014ko Umore Azokako garaikurrak eta diplomak. Manolo Alcántara‐ren ‘Rudo’ ikuskizunak jasoko du iazko Ikuskizun Onenaren Saria; orain gutxi Madrilen Max saria lortu duen Kukai Dantza Konpainiari eman diote Euskadiko Ikuskizunik Onenaren Saria “Gelajauziak” piezagatik; Publiko Guztientzako Umorezko Ikuzkizun Onenari Saria Kadavresky Compagnie de Cirque‐ren “L’effet escargot” ikuskizunak jaso du; Iron Skulls konpainiaren “Sinestesia” lanari eman diote Ikuskizun/Artista Berri Onenari Sari Berezia.
Gogoratu aurten ere sariak banatuko dituela Umore Azokak, eta epaimahaiak obra guztiak ikusi eta gero ebatziko dituela irabazleak. Garrantzitsuak dira sari hauek azokarentzat eta konpainientzat, beste azoka eta espazioetan ateak zabaltzeko balio dutelako. Gainera, azoka egunetan 150 programatzailek bertatik bertara jarraitzen dituzte emanaldiak, horiek erosteko aukerarekin.