Umore Azoka Leioak, Leioako Udalak antolatutako Kaleko Arteen Azokak, amaiera emango dio bere XIX. edizioari. “Kamaleonikoena” izateaz gain, ikus-entzuleen aldetik jaso duen harrera bikaina azpimarratu behar da. Bihar, igandean, 12:00etatik 14:30era, edizio honetako azken 11 emanaldiez gozatzeko aukera izango dugu. 42 ikuskizun eskaini dituzten 40 konpainia igaro dira bertatik.
Igandean arituko diren konpainiak Tio Teronen Semeak, Vincent de Rooij, Denis Santacana, Proyecto Larrua eta Manez eta Kobreak dira. Horrez gain, bigarren aldiz ikusi ahal izango dira herriko Fidias Fundazioa eta Andoni Aresti Dantza Eskola taldeek prestatutako ikuskizunak, biak ere “Tokiko Eszena” ekimenaren barruan aritu direnak, Leioako Musika Bandarekin batera.
Programazioa amaitu eta berehala, Umore Azoka Leioa 2018ko Sariei buruzko epaimahaiaren erabakia ezagutaraziko da, kategoria hauetan: Kaleko Ikuskizun Onenaren Saria; Euskadiko Kaleko Ikuskizun Onenaren Saria; eta Hasten ari den Ikuskizun edo Artista Onenaren Saria. Epaimahaiaren erabakia ikuskizunaren kalitate artistikoan, kalitate teknikoan, orijinaltasunean, sorkuntzan, berrikuntzan eta erakargarritasunean oinarrituko da.
Aurten epaimahaia osatuko dutenak hauek izango dira: Xabina Claverie, Hameka Kaleko Arteen Fabrikako arduraduna (Luhuso); Laura Etxebarria, Bilboko La Fundición aretoko eta bertako La Temporada, Dantzaldia eta Lekuz Leku Jaialdietako Zuzendarikidea; Borja Ruiz, Antzerki zuzendari, antzezle, pedagogo eta ikerlaria; Nando Piñeiro, Egia-Gasteszena-Donostia Kulturako programatzailea; eta Anna Giribet, FiraTàrregako Programazio teknikaria