Hiru hankako jaialdia da Leioako Umore Azoka. Festibala da hiritarrentzat, festa da hiriarentzat, baina azoka ere bada artista, programatzaile eta banatzaileentzat, eta jaialdian egoteko izena eman duten kale arteen sektoreko profesionalen kopurua da horren froga. Ehun profesional baino gehiagok eman dute izena aurten maiatzaren 21etik 24ra Leioan egoteko. Leioa kale arteen errezerentziazko hitzordua dela erakusten du horrek. Izan ere, hori da azokaren helburuetariko bat: “Kale arteen industri garapena sendotzea, konpainiei erakusleiho bat eskainiz”. Eta urtero egiten da azoka izaera hori indartzeko esfortzua. 50 talde batuko ditu aurten jaialdiak, eta 22 estreinaldi ikusi ahal izango dira. Haientzat kontratu gehiago lortzen laguntzea ere bada antolatzaileen asmoa.
Hartu eman profesional hori laguntzea da Artekale espazioaren helburua ere. Bigarrenez jarriko dute gune hau Umore Azokan, eta Kultur Leioako erakusketa gelan kokatuko dute aurten. Artista eta profesionalei topaketa gune bat eskaintzea da ideia, eta baita Euskadiko kale arteen feria, jaialdi, konpainia eta banatzaileak batzen dituen elkartea ikusgarri bilakatzen laguntzea ere. Sektorearen topagune izango da espazio hori. Maiatzaren 22an Kale Antzerkia Bultzatuz egitasmoa aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzak, eta aurkezpenak egingo dituzte kale antzerkiei eskainitako jaialdiek. Maiatzaren 23an, aldiz, kale arteen egoerari buruzko gogoeta saioa egingo dute bertaratzen direnek.
Horrez gainera, “Twisting the Balance” egitamoaren aurkezpena ere eskainiko du Leire Mesak espazio horretan, eta konpainia, programatzaile eta banatzaileen arteko topaketa informalak ere bultzatuko dira bertan. Egunero izango da “Kafe bat?” izeneko tartea horretarako, eta beren-beregi atonduko dute Kultur Leioako erakusketa gunea bilkura horietarako.
Aldi berean, Kultur Leioan bertan, Maiatzaren 21ean, kale arteen sektoreari buruzko topaketak egingo ditu Espainiako Arte Eszenikoen Azoken koordinakundeak, kale arteek duazkaten behar eta hutsuneak aztertzeko. Eta Euskal Antzoki Sareak ere Batzar orokorra egingo du egunhorretan. Maiatzaren 22an, berriz, Antzerki, Auditorio, Zirkuito eta Jaialdi Publikoen sarearen Batzorde ejekutiboak egingo du bilkura bertan.