Umore Azokako 50 konpainiak hasi dira buru-belarri ikuskizunak prestatzen maiatzaren 19tik 22ra jende aurrean erakusteko. Beste hainbeste egiten ari da Deabru Beltzak konpainia, Su Á Feu ikuskizuna estreinatuko baitu Umore Azokan. Horretarako, danbor hotsez bete du Leioako Ondizko probalekua. Kultur Leioaren laguntzarekin, apirilaren amaiera bitarte asteazkenetan entseguak egingo ditu bertan Euskal Herriko konpainiak, eta maiatzean estreinatuko du ikuskizuna Umore Azokan.
20. urteurrena ospatzear da konpainia, eta orain arte 35 herrialdetan 3.000 emanaldi baino gehiago eskaini ditu. Festa handian bihurtzen du espazio publikoa Deabru Beltzak taldeak, eta oraingoan ere ildo horretatik jarraituko du konpainiak. Kale dantza, sua eta erritmoa izango dira Su Á Feur ikuskizunaren oinarriak, eta etorkizuneko pertsonaiekin nahasiko dira. Perkusioa, argia eta magiak harrapatuko du bete-betean ikuslea.