Erritmoz eta suz betetako urteurren festa bat hartuko du aurten Umore Azokak. Deabru Beltzak konpainiak 20 urteko ibilbidea beteko du eta Leioan “Su à Feu” pieza estrenatzen ospatuko du. Maiatzaren 19an emango dute lehen aldiz eta 20an eskainiko dute berriz, baina ikuskizunaren xehetasunak azaldu ditu jada Oscar Castaño ‘Garbitxu’ taldeko zuzendariak Ana Lopez Umore Azokako zuzendari artistikoarekin batera eskainitako prentsaurrekoan. “Urte askotako lanaren fruitua da pieza hau, eta konpainiari propio zaizkion ezaugarri guztiak biltzen ditu”, azaldu du sortzaileak. Prentsaurrekoan Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaria, Michel Galand Libourneko Udaleko Kultura zinegotzia, Eusko Jaurlaritzako Kultura zuzendaritzako ordezkariak.
Deabru Beltzak 1996an jaio zen eta nazioartean oihartzun gehien jaso duen euskal taldeetariko bat izan da. Erritmoa eta piroteknia dute oinarri haien ikuskizunek, eta oraingoan Umore Azokaren laguntza izan du taldeak beren azken emanaldia sortzeko. Jaialdiak sormen lana lagundu eta bultzatzen du eta kasu honetan ekoizle gisa aritu da konpainiarekin estreinaldi aurreko entseguetarako espazioa eskainiz. Apirilaz geroztik Leioan egin ditu horregatik konpainiak “Su à Feu” emanaldiaren entseguak. Jaialdiko zuzendariak zehaztu duenez, Umore Azokaren DNAren parte dira elkarlanak. Konpainiak eskertu egin du elkarlan hori, eta baita laguntza eskaini dieten beste erakunde eta taldeena ere. “Lagun bat izan da Umore Azoka guretzat, eta babes handia eskaini digu”.
Orain arte 35 herrialdetan 3.000 emanaldi baino gehiago eskaini ditu. Festa handi bihurtzen du espazio publikoa Deabru Beltzak taldeak, eta oraingoan ere ildo horretatik jarraituko du konpainiak. Kale dantza, sua eta erritmoa izango dira “Su Á Feu” ikuskizunaren oinarriak, eta etorkizuneko pertsonaiekin nahasiko dira. Perkusioa, argia eta magiak harrapatuko du bete-betean ikuslea.