Bi egun baino ez dira falta XVII. Leioako Umore Azoka hasi, eta igandera arte kaleak eszenatoki erraldoi bilakatzeko. Hasiera bidean jarri da jadanik azoka, gainera, Matias Zanotti antzerki jantzi aditua gaur eta bihar Kultur Leioan eskainiko duen workshoparekin.
Matias Zanotti antzerki jantzietan aditua da. Teatro Lírico de Muñecas konpainiako kide, aktore eta hainbat antzerki sorkuntzako jantziren sortzailea. MERCOSUR jaialdiaren irekiera ekitaldia zuzendu zuen 2002an, eta 2004an Italiara joan zen modaren mundua ezagutzera. Hainbat ikuskizun sortu eta diseinatu ditu, eta haietariko batzuk marka komertzial ezagunentzat. Gaur egun bere kasa dabil lanean sortzaile, zuzendari, aktore, irakasle eta jantzi diseinatzaile gisa.
Leioan jantzien eta antzerki osagarrien sorkuntzari buruzko workshop bat eskainiko du, modaren eta plastikaren arteko mugan eta formaren, kolorearen eta fantasiaren gorazarrea ikertzen. Tailerreko emaitzak Leioako dendetako erakusleihoetan jarriko dira ikusgai Umore Azokak iraun bitaretan, eta Zanotti bera ere “Escaparate vivo” emanaldia eskaintzen izango da jaialdian. Sabino Arana kaleko 56an egongo da ostiralean eta larunbatean 22:00etatik 22:30era.
Baina horrez gainera, beste tailer bat ere egongo da azokaren hasierako egunetan. Fafa Franco ile apaintzaileak material berziklatuz sortutako orrazketa eta jantzi workshopa eskainiko du 19 eta 20an Kultur leioan, eta sortutako lanekin pasarela bat egingo dute gero.
Prest dago dena hasteko, beraz. Gaur 2, bihar 1, eta etzi Umore Azoka!