Jendez lepo joan dira XVII. Leioako Umore Azokako orain arteko hiru egunak eta bizia izan da hartu-eman profesionala ere. Eta azken egunean ere asko izango da ikusteko: dantza, teatroa, zirkua, akrobaziak… Igandean ere izango da zerekin gozatua, beraz. Euriaren ondorioz aldaketak izan dira egitarauan. Kandelazubieta kiroldegira pasa dira ekitaldi guztiak eta ordutegian ere moldaketa batzuk egon dira. Tamalez, Sainete eta Tresperté konpainiek bertan behera utzi behar izan dituzte beren saioak.
Musika, ile apaintzaile bitxiak eta zirku garaikidea
Cía. Delá Praka konpainia brasildar-frantziarrak aho zabalik utziko du ikuslea akrobazia, dantza eta capoeira uztartzen dituen “Nois Um” emanaldiarekin. Tsubasa Watanabe japoniarrak ere bisitariak harrituta utziko ditu “Hidden place” diabolo ikuskizunarekin.
Ausartenek ere izango dute aukera beren burua neurtzeko, musika eta ile apaintze artistikoa uztartuko baititu Sienta la Cabeza konpainiak. Burua jokoan jarri nahi duen orok izango du aukera Fafá Franco ile apaintzailearen orrazkera original eta ezinezkoak frogatzeko. Kaleak musikaz beteko ditu Jazz Combo Box taldeak, bere musika tresneria guztiarekin, eta baita erabat originala eta ezezaguna den instrumentu batekin ere: scratchphone-arekin. Eta gehiago ere izango da, Leioako Musika Bandak kontzertua eskainiko baitu musika tresna ezohikoak jotzen dituen Diego Galaz musikariarekin.
Umore Azoka Sariak
Igande eguerdirako jakinaraziko dira Umore Azokak aurten saritutako hiru taldeen izenak. Kale ikuskizunik onenaren saria (trofeoa eta diploma), Euskadiko kale ikuskizunik onenaren saria (trofeoa eta diploma) eta artista/ikuskizun gazterik onenaren saria (Bere hurrengo emanaldia prestatzeko Hameka-n egoitza artistikoa).
Larunbata gauean bildu ziren azken erabakia hartzeko epaimahaiko 7 kideak: Filgi Claverie (Hameka eta Lapurdiko Harri Xuri sorkuntza fabrikako arduraduna), Gerald Fannon (San Cugateko Teatre-Auditori jaialdiko arduraduna), Jordi Gaspar (Reuseko Feria de Circo Trapezi jaialdiko eta L’Estrucheko La Vela zirko egoitza zentroko arduraduna), Anna Giribet(Fira Tárrega jaialdiko programazio teknikaria), Elena Ros (Ikuskizun ekoizle eta banatzailea), Nando Piñeiro (Donostia kulturako Egia-Gasteszena-ren programatzailea), eta Javier Alcorta (Araiako Humore jaialdiko zuzendaria).