Bihar, maiatzak 16, ostirala, Umore Azoka 2014ren Harrera Ofiziala egingo da, 14.00etan Mendibile Jauregian, eta bertara gonbidatuta daude artista, konpainia, arte eszenikoetako profesional zein komunikabideetako kideak.
Ongi etorri hitzen ondoren, Umore Azoka 2013ko sariak banatuko dira. Parte hartzen duten konpainia guztien artetik, arte eszenikoetako adituek osatutako epaimahaiak edizioko lanik onenak aukeratzen ditu Umore Azoka Sariak emateko: Umore Azoka Saria Ikuskizun Onenari eta Umore Azoka Saria Euskadiko Ikuskizun Onenari, garaikurra eta trofeoarekin batera beste kultur egitarau batzuetan kontratatua izatea dakartelarik.
Iaz Ertza konpainiaren “4×4” lanak irabazi zuen Euskadiko ikuskizun onenaren Umore Azoka Saria eta Compagnie Daad holandarraren “La cuisine macabre”-k Ikuskizun onenaren Umore Azoka Saria. Fet a Mà katalanen “Swap!” lanak Umore Azoka Aipamen Berezia jaso zuen. Bihar, maiatzaren 16an, ostirala, 14:00etan Mendibile Jauregian egingo den harrera ofizialean banatuko dira aipatutako hiru sariak.
Honekin batera, urtero legez, Leioako Umore Azokako Antolatzaileek kaleko arte eszenikoak indartu, sustatu eta dinamizatzen dituzten konpainia, erakunde edo pertsonei Umore Azoka Sari Berezia emango die. Ekitaldi honetan ezagutaraziko da aurtengo Umore Azoka Sari Berezia nork jasoko duen.
Harrera ofizialeko ekitaldia euskal produktuen dastapenarekin bukatuko da.
Sormena bultzatuz
Goizetik egunsentira, ostiralean Umore Azokak 38 ikuskizunetako 47 emanaldiak eskainiko ditu. Hauetatik, 11 estreinaldiak izango dira, 5 euskal konpainienak eta 6 estatuko taldeenak.
Duela 15 urte jaio zenetik Umore Azokak hazkunde ikaragarria ezagutu du, kanpora begiratzen du eta nazioarte mailako erreferentzizko ekitaldia bilakatu da. Halaber, ez du etxeko sormena ahaztu eta euskal konpainien lanen aldeko apostua egiten du, ikuskizunak programatzeaz batera, sormen prozesuan lagunduz. Umore Azokak lankidetza itunak egin ditu bihar Leioan estreinaldia eskeiniko duten lau euskal konpainiekin: Hortzmuga Teatroa, Ganso&Cía, Malas Compañías eta Kukai Dantza Konpainia.
Hortzmugak aurten 25 urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko, publiko familiarrari zuzendutako formato txikiko antzerki lan berria sortu du: “Nola”. Proposamen honek norberaren barruan bilatzen du, bakar eta errepikaezinak egiten gaituena desestaltzeko. Ganso&Cíak “Walkman” dakar Leioara: gizona, showmana, limurtzailea eta pertsonaia kartsua, eta Malas Kompañías-ek “Txatarra” izeneko ikuskizuna, barrilez, taulez, tramankuluz, egunerokotasunez, ahultasunez eta ametsez osatutako unibertsoa. Umore Azokaren laguntza izan du baita “Gelajauziak” lanak, Kukai Dantza Konpaniak Cesc Gelabert koreografo handi eta Nestor Basterretxea artista plastikoaren kolaborazioz herri dantzen inguruko begirada berria.
Aipatutakoez gain beste euskal konpainia baten estreinaldia ere ikusi ahal izango da, hain zuzen, Borobil Teatroren “Marierrauskin” ikuskizun interaktiboa. Ikusleek aukera paregabea izango dute Grimm anaien ipuineko protagonistak izateko eszenaratze prozesuan parte hartuz.
Estatuko konpainien artean, sei izango dira Leioan estreinatuko dutenak:
Factoría Norte/Gaupasa eta Visitants taldeek ikuskizun ibiltariak aurkeztuko dituzte: “Llumeru”n itsasotik heldutako pertsonaia harrigarriak publikoarekin komunikatzeko irrikitan daude, eta “Tempus”en etorkizunetik gurera heldutako lau arkeologok gaur egungo bizimodua aztertuko dute.
Hiru dantza lan ere estreinatuko dira bihar. Marco Vargas&Chloé Brûlé konpainiak flamenkoaren mugen ikerketan gauzatzen den “Me va gustando”, Otradanzaren “Vacío” hiriaren zaratarekin bat eginez paisaia liluragarri batera garamatzana eta Circo Deliciak “Cantare, Volare” obran, zuzeneko musika duen dantza bertikaleko ikuskizun intimo bezain berezia.
Bestalde, Toti Toronellek eta Pepa Planak, Kataluniako Kultura Sari Nazionala jaso berri duenak, “Despistats” aurkeztuko dute. Bi bizitza paraleloren istorioa da, bi pailazo ezberdinena: gizona alpakazko koilara batean isladatzen da eta emakumeak gorri biziaz margotzen ditu ezpainak. Antzezteaz gain, Toti Toronellek marrazkiak egiten ditu eta aurten Kultur Leioako Erakusketa Gelan ekainaren 8ra arte ikusgai egongo dira “Totinades. Garabatos de un payaso” izeneko erakusketan. Badago ere beste aurkezpen bat estatuan, Kadavresky Compagnie de Cirque talde frantziarraren “L´effet escargot” poesiaz beteriko zirku lana.
Estreinaldiez gain, mota guztietako ikuskizunak ikusi ahal izango dira bihar Leioan. Tartean, Guillem Albà & The All In Orchestraren “Marabunta” klown-kontzertua. Proposamen honek Ikusleen Kaleko Ikuskizun Onenaren Drac d´Or Saria irabazi berri du Lleidako Fira de Titellesen, poztasun-tsunami bat delako. Edota Katakrak taldearen “Ingenios Eco-poéticos”, familia osoarentzako gune ludiko, partehartzaile eta originala.
Ekitaldi, sari, ikuskizun eta jarduera paraleloen bitartez, bihar arte eszenikoak non-nahi egongo dira, egunez eta gauez.