Umore Azoka Leioa, Leioako Udalak antolatutako Kaleko Arteen Azoka, arratsaldeko 18:00etan jarriko da martxan, udalerriko 9 lekutan eskainiko diren 19 ikuskizunekin, kalean gozatu ahal izango den dibertsioaz betetako lau eguni hasiera emanez.
Biharko, osteguneko, inaugurazio jardunaldia, 25 arte saiok osatuko dute. Lehenengo emanaldiak arratsaldeko 18:00etan hasiko dira, Bulebarrean eta Elexalde Errota aparkalekuan, eta ondoren gainerako lekuak gehituko dira: Errekalde plaza, San Joan Bataiatzailearen plaza, Udaletxeko plaza, Aldapako auditorioa, Udondoko Bulebarra eta Kultur Leioa. Horrez gain, udalerriko zenbait kale hartuko dituen ikuskizun ibiltari bat ere egongo da.
Maila artistikoan, azpimarragarria da biharko aurreikusitako ikuskizunetatik sei erabateko estreinaldi direla, beste bat antzezlan lehenengo aldiz eskainiko dira kalean eta beste bi Leioan ikusiko dira lehen aldiz Estatu osoan. Horrez gain, arratsaldeko seietan emanaldiak hasten direnetik, ikuskizunak ez du atsedenik izango ia gauerdira arte.
Leioan lehen aldiz ikusi ahal izango diren antzezlanen artean, Andaluziako Manolo Carambolas taldeak “fitness”-aren inguruan egin duen eta umorez beteta dagoen ikuskizuna dago. Horien ondoren, Hortzmuga Teatroak “Jule” eszenaratuko du, familia osoari zuzenduta, erdi desmantelatuta dagoen eraikin batean umorea eta fantasia uztartzen dituen lana. Aurretik, Dramagia taldearen “Misterios de Mr. Blanco” ikuskizuna Bulebarrean ikusi ahal izango da, “magionetez” betetako karpa batean. Bata bestearen ondoren eskainiko dituen lau saiotan sorpresa eta harridura bilatuko ditu.
Aldapako auditorioan bi estreinaldiz gozatu ahal izango da: “Babo Royal”, 50 m2ko mini-inperio batean oinarritutako Ganso & Cía konpainiaren umorezko ikuskizun bitxia eta, zirkuko show-aren hoberena bizitzaren nondik norakoari buruzko gai sakonagoekin konbinatzen duen The Funes Troup taldearen “Aukerak”. Amaitzeko, Iñaki Mata Antzerkiaren “Welcome!” ikuskizun ibiltariak mugitzen ari den ikus-poesia bidaia planteatuko du, panpinaren itxura duen gizakiaren errealitatearen esperientziak biziko dituen panpina errealistarekin.
Estatu mailan, Leioan hiru antzezlan aurkeztuko dira. Iparraldeko Elirale konpainiaren “Bihotz2”; Bilbobasso talde frantsesak aurkeztuko duen “Amor”, tango argentinarraren eta suaren artearen arteko topaketa lehergarria; eta landa girora eramaten duen zirku garaikide ikuskizuna planteatzen duen Erva Daninha Companhia portugaldarren “E-nxada”. Kalean estreinatuko diren ikuskizunen artean “Microclimate” dantza lana ikusi ahal izango da –Lasala konpainiak Umore Azoka Leioan aurkeztuko duen hiru proposamenetatik bat–.
Lehenengo jardunaldia, dagoeneko estreinatu diren eta beste azoka batzuetan ikus-entzuleen aldetik txaloak eta arte kolektiboaren harrera beroa jaso dituzten bederatzi proposamenekin osatuko da. Hauek izango dira: Circ Panic katalanen “Mira’T” eta Danimarkako Brunette Bros konpainiaren “Brunette Circus” (Lleidako Fira de Titelles-en antzezlan onenaren saria) zirku ikuskizunak; Los Moñekos katalanen “We-ding” dantza ikuskizun “nupziala”; Xabier Zeberio musikariak lagunduko duen Amaia Elizaran dantzariaren “Pool” lana; Compañía Input taldearen “Un.Y.Dos” dantza ikuskizuna; “Amico on the beach” lana aurkeztuko duen Amico Teatro taldearen jestu umorea; Organik konpainiaren “Malditas” gaueko dantza ikuskizuna –berriro izango dira Leioan 10 urte ondoren- ; “Óxido, umore garratza”, Pez Limbo konpainiak euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan eskainiko duen egoera groteskoz osatutako show-a; eta grabitatearen teoria zalantzan jartzen duen oreka jolasa proposatzen digun Kolektiv Lapso Circ konpainia italiararren “Ovvio”.
Profesionalei zuzendutako jarduerak
Ikuskizunera hurbiltzen diren pertsonentzat azoka, modu ofizialean, biharko 18:00etan hasiko den arren, Umore Azoka Leioa lehenagotik hasita egongo da profesionalentzat. Umore Azoka Leioaren azoka izaerako osagaia da. Urtero ehun profesional baino gehiago eta beste horrenbeste artista erakartzen ditu, esperientziak konpartitzeko eta ezagutza trukatzeko.
Horrela, bihar ostegunean, SAREAren – Antzokien Euskal Sarearen, Batzar Nagusia egingo da, goizeko 09:00etatik 11:30era, eta 12:00etan Artekale-SAREA III. topaketa hasiko da. Topaketa horretan konpainiek euren proiektuak aurkeztuko dituzte Euskadiko antzokien arduradunen aurrean. Ondoren, ADDEren (Euskadiko Dantza Profesionalen Elkartea) katalogoa aukeztuko da.
Aldi berean, 11:00etan Artekale espazioa jarriko da martxan, aurkezpen ofiziala 17:00etan egingo den arren, eta 17:30etik aurrera ongi etorria emango zaie Umore Azoka Leioako edizio honetako partaideei eta profesionalei, eta modu ofizialean inauguratuko da XIX. edizioa.