Umore Azoka Leioa, Leioako Udalak antolatutako Kaleko Artisten Azoka, bihar hasiko da, 17:30etik aurrera, 12 ikuskizun jasoz. Ikuskizun horiek udalerriko 10 leku desberdinetan egingo dira, eta, antolatzaileek adierazi dutenez, dibertsioz eta kulturaz betetako lau eguni emango diete hasiera. Egun horietan “kaleko arteek merezi duten lekua hartuko dute berriro”.
Osteguneko inaugurazio egunean, guztira, 18 emanaldi izango dira; izan ere, bihar parte hartuko duten 12 konpainien emanaldi batzuek saio bikoitza izango dute. 17:30ean, ikus-entzuleek hiru aukeren artean aukeratu ahal izango dute: Ertzaren “Dye dye”, Udaletxeko plazan; Kolektivo Konikaren “La punta de mi nariz”, Aldapako auditorioan; edo Cris-Isen “Home”, Udondoko Bulebarrean. Une horretatik aurrera, agertokia udalerriko beste eremu batzuetara zabalduko da, Errekalde Plazara, Elexalde Errotara edo Bulebarrera, besteak beste, jarduera etenik gabe luzatuz gauerdi ingurura arte.
Eduki artistikoari dagokionez, proposamenak Ertza eta Haatik Dantza Konpainiaren dantzatik (“Ur” lanarekin) hasiko da, Kolektivo Konikaren performancetik igaroko da, eta Cris-Isen clown-era eta Cia. Alta Gamaren eta Pakipayaren zirkura joango dira, azken hiruak Kataluniakoak. Gainera, tokiko clown antzerkirako lekua ere egongo da Maybe a companyren “Tres sure” lanarekin, eta Zirkozaurreren (“Kobr3”) eta NueveUno madrildarren (“suspense”) zirku proposamenak ere jasoko dira; eta kaleko antzerkia Cia. Barsantiren eta PIA portugaldarren eskutik etorriko da. Azkenik, dantza bertikalaren ikusgarritasunaz gozatzeko aukera ere izango da bihar, Zinbulu Kolektiboaren “Errotzen” lanaren emanaldiari esker, Kultur Leioako kristalezko fatxadaren gainean.
Segurtasun-neurriak
Ikus-entzuleentzako eta profesionalentzako osasun-segurtasunari buruzko araudia betetzen dela bermatzeko, ia emanaldi guztiak karpa pean egingo dira; beraz, edukiera kontrolatzeaz eta segurtasun-distantzia errespetatzeaz gain, eguraldi txarrarekin ere ikuskizunak egingo direla bermatuko da.
Antzezpenetara sartzeko bete beharreko segurtasun-neurrien artean musukoa erabiltzea, eskuak desinfektatzea, esleitutako eserlekua iritsiera-ordenaren arabera okupatzea (bizikidetza-unitate bakoitzeko pertsonak taldekatzea baimentzen da), eta adierazitako leku bereizietatik sartzea eta irtetea daude.
Profesionalentzako jarduerak
Ikuskizunetara doazenentzako azokaren irekiera ofiziala biharko 17:30ean izango den arren, goizetik Umore Azoka Leioa profesionalentzat hasita egongo da. Umore Azoka Leioaren azoka eta merkatu osagaia da, eta aurten Estatu osoko berrehun bat profesional eta artista erakarriko ditu esperientziak partekatzeko eta ezagutza trukatzeko. Ildo horretan, nabarmentzekoa da Portugalgo Kaleko Arteen arloko zuzendarien eta banatzaileen ordezkaritza bat etorriko dela.
Horrela, bihar, osteguna, Kultur Leioako Auditoriumean, 9:00etatik 11:30era, Euskal Antzerki Sarearen Batzar Nagusia egingo da. 12:00etan, espazio berean, Artekale-SAREA VI. Topaketa hasiko da. Bertan, euskal konpainiek kaleko arteen proiektuak aurkeztuko dizkiete Euskadiko antzokietako arduradunei.