UMORE AZOKA-Kaleko Artisten Azoka bihar, igandea maiatzak 19, amaituko da iragarritako azken bost ekitaldiekin eta aurtengo ikuskizun onenak aukeratuko dituen epaimahaiaren erabakiarekin.
2013ko UMORE AZOKAren azken jardunaldia eguerdian burutuko da eta agerraldiak Tiritirantes konpainiaren ‘Cirqueamos’ lanarekin hasiko dira. Ondoren Anakursa taldeak ‘Insitu’ lana eskainiko du eta Ganso & Cía.k aurkeztu eta PSiRCen ‘Lab’, Cie. Seeren ‘Sitting to see’, Nacho Floresen ‘Tesseract’ eta Colas Rouanet-Les amis de Christineren ‘Notre vie…’ piezak bilduko dituen Cabaret Zirkusekin jarraituko dute agerraldiek. Aurtengo egitaraua Bapatean Zirkok eskainiko duen ‘Tenderete’ obrak eta Cachaba Teatroren ‘Viejos’ lanak osatuko dute.
Emanaldi hauek eskainiko diren ia ordu berean emango dira ezagutzera nortzuk diren UMORE AZOKAk ematen dituen bi sarien irabazleak, hain zuzen, Ikuskizun onenarena eta Euskadiko Ikuskizun onenarena. Epaimahaiak, gainera, nahi beste aipamen berezi eman dezake. Carmen Blasco, Zaragozako Udaleko Zaragoza Kulturaleko Kaleko Ekintzen programazio burua; Filgi Claverie, Lapurdiko Harri Xuri/Artzamendi SIVOMeko arduraduna; Carlos Gil, ARTEZ aldizkariko zuzendaria eta antzerki kritikaria; Anna Giribet, FiraTàrregako programazio teknikaria; Fernando Pérez, Kultur Programazioko teknikari seniorra Bilboko Alhondigan eta Juan Pablo Soler, Teatro Circo de Murciako Gerentea eta Zuzendaritzaren albokoa eta La Red de Teatroseko Zuzendaritza Batzordeko kidea dira aurtengo epaimahai kideak.
2013ko UMORE AZOKAko lehen bi egunetan zehar hainbat euri zaparrada izan badira ere, antolatzaileak beraien poza agertu dute ekitaldi ugari estalitako tokietara eman ahal izan dituztelako eta sei agerraldi bakarrik gelditu dira bertan behera. UMORE AZOKAko zuzendaria den Ana López Asensiok argitu zuen “ostiralerako programatutako hogei ikuskizunetik hiru atzeratu ziren, Viridiana, El Gran Dimitri eta Karakasa Zirkusenak alegia, baina hirurak antzeztu ziren ostiralean”. Los 2 Playren emanaldia, berriz, bertan behera gelditu zen antzezle baten istripua zela eta. Ostiralerako programatutako 46 ikuskizunetik “hiru gelditu ziren bertan behera, GUP, Arritmados eta Volaquivolenak, hain zuzen”.