Umore Azoka Leioak, Leioako Udalak antolatutako Kaleko Arteen Azokak, modu positiboan bete ditu XIX. edizioaren helburuak, “gure udalerrira hurbiltzen diren pertsonentzako jaialdia, gure hiriarentzat festa, eta profesionalentzat oso azoka emankorra izan baita”, Mari Carmen Urbieta alkateak adierazi duenez.
Urbietak adierazi duenez, emanaldi bakoitzak ikus-entzule asko bildu ditu, ostiralean eta larunbatean batez ere, eta hori udalerriko kaleetan nabarmendu da. “Egia da eguraldia gure alde izan dugula, baina Leioak indar handiz bizi izan du azoka hau”, azpimarratu du.
Horrela, Urbieta oso pozik agertu da herriko artisten talentua eta sorkuntza bultzatzera zuzendutako “Tokiko Eszena” programak izan duen harrera bikainarengatik. “Musika Bandak, Fidias Fundazioak eta Andoni Aresti dantza eskolak ikuskizun bikainak eskaini dituzte Umore Azokan. Udal hau harro dago hain artista profesionalak eta udalerriarekin konpromisoa dutenak edukitzeagatik. Eskerrik asko eta zorionak”.
Azokak topaleku eta merkatu profesional gisa betetzen duen lanaren ikuspuntutik, ia 200 programatzaile eta ikuskizunen kontratazio arduradun Leioan egon direla esan du Urbietak. Horrek argi eta garbi uzten du Umore Azokak kaleko artisten jarduera profesionalaren motor eta dinamizatzaile gisa duen garrantzia.
“Umore Azoka Leioak osasun bikaina du. Argi eta garbi dago, duela 19 urte Leioako Udalak Kaleko Arteen aldeko apustu irmoa egin zuenean bezala, konpromiso horrek erabateko indarrez jarraituko duela”, adierazi du Urbietak. Izan ere alkateak gogorarazi du Udala bera izan zela Artekaleren sorkuntza bultzatu zuena eta bazkide sortzaileetako bat.
Ekitaldiaren kostu ekonomikoari dagokionez, Urbietak gogorarazi duenez “urte honetako aurrekontuan azokara zuzendutako partida 211.000 eurokoa izan da, baina zenbateko horri Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Instituto Nacional de Artes Escénicas y de la Música izenekoak urtero ematen dituzten diru-laguntzak gehitu behar zaizkio. Hori dela eta, ekitaldi honetan egindako inbertsio handia, orain arte egindakoaren oso antzekoa izan da”.
Kaleko arteak auzoetan
Horrez gain, alkateak adierazi du aurten esfortzu handia egin dela Umore Azoka Leioako egunetatik kanpo ere Kaleko Artea eskaintzeko. Horrela, esan duenez, dagoeneko badago “Leioako auzoetan kaleko ikuskizunak antolatzera zuzendutako” partida espezifikoa, eta “denbora gutxi barru jarriko dugu martxan”. Bere esanetan, “Leioako Udalak arte eszenikoen alde duen konpromisoa inoiz baino indartsuagoa dela erakusten duen beste esfortzu bat da”.
Amaitzeko, Urbietak esan duenez Udaleko Kultura Saila “hasi da jadanik datorren urteko edizioan, XX.ean, lanean, oso urteurren berezia izatea gura dugulako”