Umore Azoka Leioa 2018 Sari Berezia Zanguango Teatro konpainiari eman zaio
Umore Azoka Leioak, Leioako Udalak antolatutako Kaleko Arteen Azokak, bere hirugarren egunari ekingo dio bihar, larunbatean, erabateko bi estreinaldirekin eta “Tokiko Eszena” ekimenaren bitartez presente egongo den tokiko talentu artistikoari protagonismo handiagoa emanez. Egitarauan, 25 ikuskizun desberdinen 30 saio eskaintzea aurreikusten da, eta horietatik 3 Leioako konpainiek eskainiko dituzte, Fidias Fundazioak, Andoni Aresti Dantza Eskolak eta Leioako Musika Bandak.
Orain arte ikusi gabeko lanei dagokienez, larunbateko jardunaldiak erabateko bi estreinaldi jasoko ditu. Alde batetik, umorea, dantza eta melodia gogoraerrazak biltzen dituen Tio Teronen Semeak konpainiaren “Festamendua” ikuskizuna dago; eta bestetik Proyecto Larruaren “Ozkol”, bi gorputzek azalaren etengabeko kontaktuaren bitartez duten erreakzio fisikoari buruzko ikerketa egiten duen kaleko pieza.
Udalerriko artisten partaidetza bultzatzen duen “Tokiko Eszena” programak protagonismoa hartuko du, Leioako hiru talderen bitartez. Arituko den lehenengoa, 42 dantzarirekin “Better Together” eskainiko duen Fidias Fundazioa izango da. Lan horretan, hainbat belaunaldi euren arazoak dantzaren bitartez konpontzen ahaleginduko dira.
Andoni Aresti Dantza Eskolak, ondoren, estilo desberdinetako konposizio koreografikoz osatutako ikuskizuna proposatuko du. Amaitzeko, Leioako Musika Bandak XIX. mendearen amaieran girotuta egongo den oso kontzertu berezia, “Classic Wind Band” izenekoa, eskainiko du Pinosolo Parkean.
Horrez gain, larunbatean lehen aldiz ikusi ahal izango dira azokan beste bi ikuskizun. Denis Santacana dantzariaren “Encuentros” eta Kalakan taldeko kide ohia den Thierry Biscany buru den izen bereko konpainiak eskainiko duen “Manez eta Kobreak” poesia kontzertu ibiltaria.
Sariak eta jarduera profesionalak
Umore Azokako aurreko edizioko sariak banatuz Mendibile Jauregian egindako Harrera ekitaldi Ofizialaren ondoren, Umore Azoka Leioa 2018 Sari Berezia jakinarazi da. Aurten, Zanguango Teatro konpainiaren 25 urteko ibilbideak merezi du saria.
Horrela, jarduera profesionalak aurrera jarraituko du larunbatean, PATEAren (Estatuko Kaleko Arteen Profesionalen Elkartea) Batzar Nagusiarekin eta azkenengo Umore Meeting izenekoekin edo artisten eta programatzaileen arteko negozio topaketekin.