Umore Azoka Leioak, Leioako Udalak antolatutako Kaleko Artisten Azokak, 37.600 ikus-entzulerekin itxi zuen bere XVIII. edizioa, adinez nagusi bilakatu den urte honetan. Aurkeztutako ikuskizun guztien kalitate maila altua Kaleko Artearen barruko diziplina anitzen aldeko apustua, konpainia askoren estreinaldiak eta ikus-entzuleen erantzun bikaina izan dira edizio honetako arrakastaren zergati nagusiak.
“18 urte igaro dira Umore Azoka Leioa martxan jarri genuenetik, eta hori urtez-urte nabaritzen da”, adierazi du Mari Carmen Urbieta alkateak. “Azoka hau, dagoeneko ikus-entzuleen eta profesionalen artean finkatuta dagoen ekitaldia da, eta egun hauetan Leioara hurbildu den edonork egiaztatu ahal izango du herriko kaleak bizitzaz beteta egon direla”.
Urbietak gogorarazi duenez, adin guztietako ikus-entzuleek maila handiko ikuskizunez gozatu ahal izan dute, dohainik eta bere herriko kaleetan. “Giro hori oso mesedegarria izan da, baita ere, bertako merkataritzarako, eta horrek pozez betetzen gaitu”, esan du, amaitzeko.
Programazio artistikoaren eta profesionalaren ikuspuntutik, Ana López Asensio Leioako Udaleko Kultura eta Gazteria Saileko zuzendariak, aurkeztutako ikuskizun guztien kalitate maila altua azpimarratu du, eta konpainia askok egin duten lana eta euren estreinaldiak aurkezteko Leioa aukeratu izana eskertu du. Horrek argi eta garbi uzten du azokarekiko duten konpromisoa. Bulebarra edo Errekalde plaza bezalako ohiko agertokietara eta proposatutako kokaleku berrietara hurbildu diren “ikus-entzuleen erantzun bikaina” ere nabarmendu nahi izan du.
Horrela, López Asensiok oso pozik dagoela adierazi du “azken garaietan irekitako espazioak finkatuz doazelako eta espazio horietara gero eta jende gehiago joaten delako”, eta azpimarratu duenez, Umore Azoka Leioako zuzendaritza etengabe ari dalean “ikuskizun bakoitzerako espazio egokienaren bilaketan. Horrela, aurten, adibidez, etxebizitza multzo oso batean, San Jose Auzoan, ere aritu gara”. Skate parkeko, Mendibile Jauregiko eta dagoeneko dantzarako finkatuta dagoen Udaletxeko plazako jarduerek ere itxaropenei erantzun diete.
Halaber, Pinosolo parkea, ingurune naturalean ikuskizun intimistagoak bilatzen dituzten familia eta ikus-entzule askoren leku kuttunena bilakatu da ostiral arratsaldetik aurrera. “Kalian Hiri Kulturgunea elkartearen inplikazioa erabatekoa izan da, ez jarduera eta kontzertu askoren antolakuntzan bakarrik, baita parkea eta bertako txokoak oso apaingarri bereziekin eraldatzeko orduan ere”, adierazi du Kultura zuzendariak.
Euskal konpainietarako erakusleihoa
Umore Azoka Leioako edizio honek, azokan parte hartu nahi izan duen profesional kopuruaren hazkunde nabarmena ere erregistratu du. Horien artean nazioarteko jaialdi garrantzitsuetako arduradun ugari zeuden, Ansan Festivaleko (Hego Korea) Yoon Jong Yeoun, Padernborn Jaialdiko (Alemania) Stefan Hermanns, Passage Jaialdiko (Danimarka) Trine Heller, FETAko (Polonia) Aleksandra Twardowska, Spoffin Festivaleko (Herbehereak), Alfred Konijnenbelt, Musicalarueko (Frantzia) Bruno Brisson, Thesspuppet Festivaleko (Grezia) Juanjo Corrales, Red de Promotores Culturales de Latinoamérica y El Caribeko Marcelo Zamora eta Santiago a Mileko (Txile) Paula Echeñique, besteak beste.
Estatuko beste azoka batzuetako ordezkariak ere bertan egon dira, FETEN, dFeria, FiraTàrrega, Fira Mediterrània de Manresa, Feria de Ciudad Rodrigo, Suecako MIM jaialdiak eta Danza Xixón jaialdietako ordezkariak, eta baita sektoreko hainbat erakunde ere, SAREA, COFAE, TEVEO edo PATEA. Erreferentziazko espazio eszenikoek, Teatro Circo Murciak, Teatre-Auditori de Sant Cugatek edo Bilboko La Fundiciónek eta Euskadiko Kalealdia, Kaldearte, Araia, Musikaire edo Intacto jaialdiek osatu dute presentzia profesional zabala.
Kultura Saileko zuzendariak azpimarratu duenez, “horrela lankidetzarako ildoa zabaldu da jaialdien artean, eta baita horien eta Euskadiko Kaleko Arteen sektorearen artean ere, eta horrek erakusleiho gehiago irekiko dizkie Euskadiko konpainiei”. Horrela, gogorarazi duenez, Azokan egon dira, baita ere, Artez, Zirkolika eta Fiestacultura medio espezializatuak.
Amaitzeko, López Asensiok “jarduera profesional guztien garapen paregabea” azpimarratu nahi izan du. “Horretarako ezinbestekoa izan da Artekaleren – Euskadiko Kaleko Arteen Elkartearen konplizitatea”. Jarduera horien artean azpimarragarriak dira “Arteen Sukaldea” jardunaldiak, eta baita konpainiek egin dituzten aurkezpenak, sektoreko erakunde batzuen batzar nagusiak eta, batez ere, akordio asko ixteko aukera eskaini duten Umore Meeting izenekoak ere. “Umore Azoka Leioa finkatu egin da profesionalen eta konpainien eta baita konpainien euren arteko harremanetarako topagune ezin hobe gisa”.