2010/08/01 Igandea
hasiera / aurkezpena

UMORE AZOKA · LEIOAKO KALEKO ARTISTEN AZOKA

10 URTE KALEKO ARTEETAN

1995. urteko ekaina. Leioako Udaleko Kultur Arloak Umore Jaialdia antolatzeko abenturari ekin zion, urtetan jarraitzeko asmoz; egitarauan areto barruko ikuskizunak izan ziren.
Hiru urte geroago, 1998an, kaleko antzezpenak apurka-apurka gehitzen hasi ziren. Edizio horretan izandako arrakastaren ondorioz, 2000. urtean jauzi handia eman genuen, hau da, asmo handiagoko proiektua abiaraztera animatu ginen: Umore Azoka – Leioako Umorearen Kaleko Artisten Azoka sortu zen.

Zergatik kalean? Zergatik azoka bat?

Bilbo Handian eta Bizkaian, oro har, antolatzen ziren jai-egitarau guztietan kaleko jarduerak zeuden arren, diziplina honetan aritzen ziren artistek beren lan berriak eta ekoizpenak erakutsi eta aurkeztu ahal izateko lekua behar zen, hau da, balizko “kontratatzaileek” lanak ikusteko aukera emango zuen erakustokia.

Osagai horiek, kaleko ikuskizunen ekoizpen eta kontratazioen kopuru handia, alegia, kontuan hartuta Umore Azokak asmo handiko helburu hauek finkatu zituen:

1. Kaleko artistek arte eszenikoei eta gizarte-dinamizazioari egiten dieten aparteko ekarpenaz mentalizatzea ikusleak, eta artistek egiten duten lana aintzat hartzea lortzea.

2. Kaleko arteen industria-garapenari laguntzea, xede hauekin:
  • - Konpainiak gero eta konprometituagoak eta lehiakorragoak diren ikuskizunak ekoiztera bultzatzea, eta haiek sortutako lanak erakusteko toki apartan egon daitezen ahalbidetzea.
  • - Azokak erakustoki izateko duen ezaugarriaz haratago joatea eta haren ikuspegi komertziala azpimarratzea, eta sustapena gauzatu eta bisitariak erakartzeko aparteko ahalegina egitea, parte hartzen duten artistek ahalik eta errentagarritasunik handiena lor dezaten.
  • - Kaleko arte eszenikoen kontsumoa, ibilbideak eta koordinazioa sustatzea.
  • - Sektoreko profesionalen artean harremanak sortzeko eta ideiak, informazioa eta esperientziak elkartrukatzeko foroak sortzen laguntzea.
3. Leioa kaleko arteetan ereduzko toki bilakatzea.

Umorea… eta zerbait gehiago

2001ean Leioa sortu zeneko 475. urteurrena izan zen, eta urte horretatik aurrera azokak beste dimentsio bat hartu zuen. 2004. urtearen ondoren dimentsio hori sendotu egin zen, Kultur Leioa zentro berriaren inaugurazioarekin batera.

Kaleko arteak dantza, musika, ikus-arte edo antzerkitik zetozen artisten belaunaldi berri bati irekitzen zihoazen, herriko jaien tradizioa berritzen zuen diziplina bihurtzen zihoan, eta bere proposamenen originaltasunagatik gero eta ikusle gehiago erakartzen zituen. Aldi berean, umorea arte kaletar horren beste genero batzuekin uztartzen hasi zen. Gaur egun arte mota hori arlo artistiko berritzaileenetakotzat jotzen da, mugak gainditzeko eta sortzaileak biltzeko gauza izanik.

Egun Umore Azokan kalea antzeztokitzat hartzen duten diziplina sorta handi osoa ia egoten da; Euskadiko, estatuko eta nazioarteko ekoizpenaren askotariko egitarau zabala eta apartekoa dauka, eta bereziki gaur egungo eta ikusteko diren moldeak azpimarratzen ditu.

Horrez gain, Umore Azokak sorkuntzarekin konpromiso sendoa du eta Leioa estreinaldirako aukeratzen duten ikuskizunen ekoizpenean elkarlanean aritzen da.

Kultura arloko lankidetza eta arte-trukea sustatu nahian, kaleko ekoizpenengatik gailentzen diren beste autonomia erkidego batzuekin elkarlanean aritzeko protokoloak sinatzen ditu urtero.

Umore Azoka sariak banatzen ditu urtez urte. Zenbait adituk osaturiko epaimahai batek Euskadiko kaleko ikuskizunik onenari eta munduko beste lekuetako ikuskizunik onenari sari bana ematen die. Era berean, antolatzaileek “Umore Azoka” saria banatzen du kaleko arteekin konprometituta dauden konpainia, erakunde edota pertsonen lanari esker ona erakusteko.

Gure bidaideak

Urte hauetan guztietan bidaide bikainak izan ditugu:

Alde batetik konpainiak daude. Urtez urte gero eta gehiago dira; gaur egun berrogeita hamar inguru dira. Aurreneko bi edizioetan Euskadiko eta estatuko konpainiak bakarrik izan ziren baina ondoren bost kontinenteetara zabaldu ginen; lanak erakusteko irrikan dauden talde ezagunak zein artista hasiberriak izaten dira: Umore Azokak fresko irauten du, beteranotasunaren eta gaztetasunaren nahasteari esker.

Hirigintzaren aldetik etengabe hazten eta eraldatzen doan udalerri gazte honetan, kalea topaleku eta gozaleku bilakatzen da. Izan ere, duela hamar urte herritarrak plaza batean, kale baten bazterrean edo txoko batean zer zegoen ikustera lotsaturik joaten baziren ere, orain Umore Azoka noiz heldu ikusminez zain dauden eta Bilbo Handiko beste udalerri batzuetakoei euren gogo bizia kutsatzen dieten ikusle leialak dira.

Egun batzuetan, Leioak -kalera irteten diren 30.000 biztanletik gora izanik- benetako jaia bizi nahi duten 50.000 ikusle baino gehiago hartzen ditu.

Profesionalek ere Leioak kaleko arteen arloan duen rol nabarmena berresten dute, urtez urte jaiak irauten duen lau egunetan bertan egoteari esker eta urteko gainerako egunetan hainbat plataformatan egiten duten lan koordinatuari esker: COFAE (Estatuko Arte Eszenikoen Azoken Koordinakundea), ARTEKALE (Euskadiko kale-arteen topaketa profesionalen elkartea), SAREA-Euskadiko Antzoki Sarea eta La Red izenekoa.

Eta erakunde publikoen (Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak eta INAEM), babesleen eta proiektuaren filosofiarekin bat egin duten “lagun” ugariren bitartez, Umore Azoka aurrekontuaren aldetik hazten, eta zalantzarik gabe, gure udalerriko kultura jarduerarik kutunena bilakatzen joan da.

Umore Azoka gaur egun

Badirudi atzo izan zela… eta hamar urteren ondoren, Leioa urtean lau egunetan antzeztoki handi, ezinbesteko hitzordu, erakustoki eta kaleko arteetan parte hartzen duten gizarte-eragileen arteko (konpainiak, sortzaileak, banatzaileak, programatzaileak, sareak, ikusleak, prentsa…) topaleku bihurtzen dela esan dezakegu.

Lantalde sutsu batek atsedenik gabe lan egiten du 365 egunetan. Kaleko arte eszenikoen lan berri-berrienak ezagutzeko aukera aparta da.

Artez jantzitako hiri bat birsortzeko eta aisia eta dibertsiorako leku bihurtzeko uneak dira.

Beste hamar urtez gutxienez hala izan dadila.

Ana López Asensio
Zuzendaria
Cartel Umore Azoka 2009