1995. urteko ekaina. Leioako Udaleko Kultur Arloak Umore Jaialdia antolatzeko abenturari ekin zion, urtetan jarraitzeko asmoz; egitarauan areto barruko ikuskizunak izan ziren.
Hiru urte geroago, 1998an, kaleko antzezpenak apurka-apurka gehitzen hasi ziren. Edizio horretan izandako arrakastaren ondorioz, 2000. urtean jauzi handia eman genuen, hau da, asmo handiagoko proiektua abiaraztera animatu ginen: Umore Azoka – Leioako Umorearen Kaleko Artisten Azoka sortu zen.
Badirudi atzo izan zela…
Eta hamar urteren ondoren, Leioa urtean lau egunetan antzeztoki handi, ezinbesteko hitzordu, erakustoki eta kaleko arteetan parte hartzen duten gizarte-eragileen arteko (konpainiak, sortzaileak, banatzaileak, programatzaileak, sareak, ikusleak, prentsa…) topaleku bihurtzen dela esan dezakegu.
Lantalde sutsu batek atsedenik gabe lan egiten du 365 egunetan. Kaleko arte eszenikoen lan berri-berrienak ezagutzeko aukera aparta da.
Artez jantzitako hiri bat birsortzeko eta aisia eta dibertsiorako leku bihurtzeko uneak dira.
Beste hamar urtez gutxienez hala izan dadila.
[+]
Ana López Asensio
Zuzendaria