Mingoteren laurogeita hamar urteak ospatzen dituen erakusketa Leioara dator
Ekimen honek heltzear dagoen Umore Azokaren egitaraua zabalduko du.
Maiatzaren 7an zabalduko da Kultur Leioan erakusketa berria, Antonio Mingote marrazkilariaren inguruan sortua. Maiatzaren 20tik 23ra bitartean ospatuko den Umore Azokako bisitariek, mende erdi luzez prentsan egunerokotasuna bere marrazkiekin aztertu izan duen artistari bere lagunek eginiko omenaldia ezagutzeko aukera izango dute.
Joan den urtean, urtarrilaren 17an alegia, Antonio Mingote ilustratzailea, grafista, idazlea, kartelgilea, gidoigilea eta Real Academia Españolako kideak laurogeita hamar urte bete zituen. Umoristen dekanoa da, joan den mendearen egunerokotasuna maisutasunez bere marrazkietan islatu duen pertsona.
Hori dela eta, bere lagunek omenaldia egin diote eta ‘Mingote. 90 urte' izeneko erakusketan berrogeita hamar marrazkilari inguruk eginiko binetak eta karikaturak bildu dituzte, besteak beste: Máximo, Gallego & Rey, Peridis, Idígoras & Pachi, Esteban, Ricardo, Madrigal, Almarza, Munoa, Kalikatres, Datíle, Eduardo, X. Marín, Edu, Mozo, Ramón, Alfredo, Harca, Quique, Manolo, Marrugat, José Julio, Rafael Flórez, Ubaldo, Corella, Angelines, Ferreira, Carlos, Vizcarra, Enrique, Carbó, Orcajo, Ché, Lamber, Nerja, J. Aldeguer, Sebas, Sex, Kap eta El Keto.
Erakusketa Umorearen Akademiak eta Valentziako Generalitatek, Valentziako Liburutegiaren bitartez, antolatu dute, eta Valentzian eta Madrilen egon da, ikusleen aldetik arrakasta handia lortuz. Orain, Kultur Leioara dator eta maiatzaren 7tik ekainaren 27ra bitartean ikusgai izango da Erakusketa Aretoan.
Urtero, Umore Azokaren inguruan Kultur Leioak arte erakusketa antolatzen du, leioaztarren zein bisitarien gozamenerako. Aurreko edizioetan Kaleko Arteak jorratzen dituzten euskal taldeak (Markeliñe, Gaitzerdi, Hortzmuga...) eta Marcel.li Antúnez, La Fura dels Bauseko sortzaile eta artista mekatronikoa izan dira protagonistak, besteak beste.
Amets, ilusio eta pasioz beteriko hitzordua
Umore Azoka-Leioako Kaleko Artisten Azoka, Leioako Udaleko Kultura Sailak antolatzen du, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Kultura Ministerioaren laguntzarekin. Leioak, lau egunez, antzerkiarekin batera bizitzeko aukera paregabea eskaintzen du. Harremanak sortzeko, ideiak elkartrukatzeko, lanak erakusteko eta emanaldiak kontratatzeko aukera, antzerkia eguneko hogeita lau orduetan bizi ahal izateko foroa.
Kaleko antzerkia ardatz dela, Umore Azokak urtero Euskadiko, Estatuko eta atzerriko konpainia garrantzitsuak ekarri ohi ditu gurera, obra ugari estreinatuz eta, aldi berean, artista berriei euren lanak erakusteko aukera emanez; horri guztiari esker, azoka gisa finkatu egin da.
Umore Azoka - Leioako Kaleko Artisten Azokak fresko irauten du, beteranotasunaren eta gaztetasunaren nahasteari esker. Leioako Kaleko Artisten Azoka, COFAE - Estatu Espainoleko Arte Eszenikoen Ferien Koordinakundearen kide da.