Umore Azokak berriro gainditu du, aurten, 2017ko edizioan parte hartzeko konpainien eskaera kopurua, guztira, 506 jaso baitira.
506 proposamen artistiko horietatik, 64 (%12,64) Euskal Herrikoak dira; 255 (%50,39) Estatukoak, 16 autonomia erkidegokoak; eta 187 (%36,95) nazioartekoak, 27 herrialde desberdinetakoak, hala nola, Frantzia, Italia, Erresuma Batua, Alemania, Belgika, Txekiar Errepublika, Ukrania, Finlandia, Estatu Batuak, Kanada, Cabo Verde, Uruguay edo Japonia, beste batzuen artean.
Eskabide kopuruaren igoera horrek azken urteotako gorantzako joeraren ildotik jarraitzen du, eta argi erakusten du konpainiek Umore Azokan parte hartzeko duten interesa, erakusleiho aparta eta kaleko arteen galdu ezinezko hitzordua delako.
Azokaren zuzendaria den Ana López Asensio hasi egin da, honezkero, 18. edizioan parte hartuko duten konpainiak eta ikuskizunak hautatzeko prozedurarekin, eta erabakia urtarrilaren 21a baino lehen emango da ezagutzera.