Lehen eguna indartsu abiatu zuen atzo Umore Azokak, eta euriak euri jende asko gerturatu zen jaialdiaren XVI. ediziorako, eta kalerako sortutako dantza, zirko, performance eta antzerki piezarik puntakoenetariko batzuez gozatzeko aukera izan zuten. Eguraldiagatik 5 emanaldi bertan behera gelditu behar izan ziren, baina atertu eta normaltasunez jarraitu zuen jaialdiak . Ildo horretan, indartsu jarraitzeko egitaraua prest du gaurko jaialdiak: guztira 38 ikuskizun eta 40 emanaldi egongo dira gaurr, eta 10 pieza estreinatuko dituzte. Aniztasun handia topatuko dute ikusleek, gainera: dantza, antzerkia, pieza ibiltariak eta performanceak, baina baita neurri txikiko zein handiko zirkoa ere. Ibilbide luzeko La Grosse B. konpainia frantziarrak, esaterako, gaur eskainiko du lehenengoz estatuan zuzeneko musika, akrobaziak eta baskula korearra batzen dituen “Insert Coin” pieza. Gauerdian egingo dute ikuskizuna, eta aho bete hortz utziko ditu ikusleak doinu, musika eta akrobazia uztarketekin.
EUSKAL HERRIKO TALDEAK
Euskal Herrikoak izango dira gaur eskainiko diren estreinaldien erdiak. Bost dira, izan ere, gaur jendaurrean lehenengoz eskainiko diren saioak. Zirkozaurre konpainia bilbotarrak morse kodean oinarrituta “mOrse” zirko ikuskizuna estreinatuko du; Muyuyay konpainiak hiria dantzaleku eta eskenatoki bilakatuko du “Urbanitas” piezarekin; Cielo Raso konpainiak gorputzak muturrera daramatzan “Bruto” kalerako dantza ikuskizuna estreinatuko du; La Pez taldeak ohikoa duen inprobisaziorako gaitasuna erakutsiko du “Rotonda Circus” piezarekin; eta Rouge Eléak kolektiboak zinema, musika eta instalazioa uztartzen dituen “Zuek” lana aurkeztuko du. Bestalde, 2016rako amaitu asmo duen Twisting the Balance proiektua ere aurkeztuko du Leire Mesa artistak Artekale espazioan.
Beste bost estreinaldi ere izango dira, ordea. Andaluziako Vaiven Circo taldeak, esaterako, “Des-hábitat” zirko ikuskizuna eskainiko du; Paula Quintanak “Latente”; Lucio Baglivo artista madrildarrak “Sólo juntos”; Zootroupe konpainia kataluniarrak “La vida es un milagro”; eta Laitrum Teatro eta Toti Toronellek “Micro-Shakespeare”. Gainera, Euskal Herriko Hiriko Kolektiboak, Ertza Dantzak, Dikothomia taldeak, Gaitzerdik, Pez Limbo konpainiak eta Markeliñek lehen egun honetan estreinatutako beste 6 piezen bigarren pasea egingo dute bihar. Hori gutxi ez, eta Hortzmuga taldeak “Nola” lan berria ere aurkeztuko du.
HILETA JENDETSU ETA ZOROA
Mundu mailako erreferentea da Cacahuete konpainia frantziarra, eta beren lanik ezagunena eskainiko du Leioako Umore Azokan aurten: “L’enterrement de maman XXL”. Hileta bat irudikatzen du emanaldiak, hileta zoro eta jendetsu bat. Klasiko bat da jadanik Cacahuetekoen pieza. 40 herrialde baino gehiagotan eskaini dute lana, eta 700 emanaldi baino gehiago egin dituzte. Leioan bertako jendearekin batera arituko dira kalean gaur. Izan ere, ikuskizuna prestatzeko tailerra eskaini dute konpainiako kideek 19 eta 20an, eta, beraz, bertan parte hartu duen jendearekin nahasita ibiliko dira konpainiakoak Leioako kaleetan gora eta behera.
SARI BANAKETA
Sariketa eguna ere izango da, ordea. 2014an epaimahaiak saritutako taldeei trofeo eta diplomak banatuko zaizkie gaur 14:30ean Mendibile Jauregian. Manolo Alcántara‐ren ‘Rudo’ ikuskizunak jasoko du iazko Ikuskizun Onenaren Saria, Kukai Dantza Konpainiak jasoko du Euskadiko Ikuskizunik Onenaren Saria “Gelajauziak” piezagatik, Publiko Guztientzako Umorezko Ikuzkizun Onenari Saria Kadavresky Compagnie de Cirque‐ren “L’effet escargot” ikuskizunak jasoko du; Iron Skulls konpainiaren “Sinestesia” lanari emango diote Ikuskizun /Artista Berri Onenari Sari Berezia.
Gainera, sari banaketa horretan 2015eko Ohorezko Saria jakinaraziko da. Gogoratu aurten ere beste sariak banatuko dituela Umore Azokak, eta epaimahaiak obra guztiak ikusi eta gero ebatziko dituela irabazleak. Garrantzitsuak dira sari hauek azokarentzat eta konpainientzat, beste azoka eta espazioetan ateak zabaltzeko balio dutelako. Gainera, azoka egunetan 150 programatzailek bertatik bertara jarraitzen dituzte emanaldiak, horiek erosteko aukerarekin.