Azken txanpan sartu da azoka ekitaldiz betetako asteburuarekin. Larunbata egin handia izango da, eta jende joan-etorri handia espero dute antolatzaileek, programatutako 47 emanaldiez gozatzeko. Nabarmentzekoak dira, adibidez, Philo&Jole, Yeyo Guerrero Producciones, Sainete, Mumusic Circus eta Suhar Prest Zirko Taldea konpainiek eskainiko dituzten erabateko estreinaldiak, eta baita Toi D’abord, Cía Delá Praká eta Bakhus nazioarteko taldeek aurkeztuko dituzten estatuko estreinaldiak ere. Beste behin ere, Umore Azokak kale arteen munduan duen erreferentzialtasunaren froga dira datu horiek.
Erabateko eta estatuko estreinaldiak
Ana López jaialdiko zuzendariak behin baino gehiagotan azpimarratu du egitarauaren diziplinen arteko oreka, eta larunbateko estreinaldiak dira horren erakusgarri. Bi clown piezaren erabateko estreinaldiak izango dira, esaterako. Batetik, Philo & Jole-k izen bereko futbol jokalariaren istorioan oinarritutako “Mr. Pichichi” lana aurkeztuko du, eta bestetik Yeyo Guerrero Producciones konpainia andaluziarrak surfari buruzko interpretazio dibertigarria eskainiko du “Surfer clown” ikuskizunarekin. Sainete euskal konpainiak antzerkia, musika eta zirkoa uztartuko ditu “Lo que nos dejaron” piezaren estreinaldiarekin, Mumusic Circus taldeak musika eta dantza uztartuko ditu “Amigoo”-rekin, eta Suhar Prest Zirko Taldeak lehenengoz emango du “Paradoxa” zirko garaikide obrarekin. Clowna, zirkua, musika, dantza eta antzerkiz beteko dira, beraz, Leioako kaleak egun osoz.
Aipamen berezia merezi dute 3 estatuko estreinaldiek. Izan ere, Leioa hautatu du Toi D’Abord konpainia frantziarrak bere lanetariko hiru estatuan lehenengoz eskaintzeko. Orain arte “Gaspar” eta “Tu viens” lanak aurkeztu dituzte, eta oso harrera ona izan dute, eta larunbatean da estreinatzekoa clowna eta malabarismoa uztartzen dituen “Encore plus” pieza dibertigarria. Bakhus talde frantziarrak ere “A l’Ombre de Coré” dantza multimedia lana aurkeztuko du lehenengoz estatuan, eta Delá Praká konpainia brasildar-frantziarrak “Nois Um” ikuskizunarekin izango da Leioan, zeinarekin zirkua, musika eta dantza uztartuko baitituzte. Eta Cie. 100 Racines, Jazz Combo Box, Circle of Two, Matías Zanotti, Campi Qui Pugui Producciones, eta Tresperté Circo Teatro, Tio Teronen Semeak eta Trapu Zaharra konpainiek osatuko dute programa.
Bertako eszena, aurtengo nobedadea
Garrantzi berezia hartu du aurten eszena lokalak, lehenengoz sekzio propioa osatuko baitute Leioako taldeek sortutako ikuskizunek. 17 urteko ibilbidean Umore Azokak sortutako ondarearen froga da hori jaialdiko zuzendariaren hitzetan. “Azokak oinarria sortzen lagundu du, eta hari esker sortzaile lokalek aurrera egiteko indarrak bildu, eta talde profesionalekin batera parte hartzera animatu dira”. Guztira 4 izango dira egunotan zuzenean arituko diren talde leioaztarrak, eta bihar izango dute lehen emanaldia haietariko hiruk. Asociación Despertar los Sentidos eta Andoni Aresti Dantza Eskolak José Ramón Aketxe plazan izango dira, eta Leioako Musika Bandak eta Diego Galaz musikariak elkarrekin eskainiko dute kontzertua. Igandean helduko da Gerry Regitschnig clownaren txanda Pinosolo parkean.
Alor profesionalak ere izango du bere espazioa hirugarren egunean. Izan ere, programatzaile, banatzaile, zuzendari eta kale artistentzako zita garrantzitsua baita Umore Azoka, eta topagune ere bada sektorearentzat. Kontratu berriak sinatzen dira bertan, eta ofizioaren alde profesionala ere sustatzen da hainbat ekitaldiren bidez. Artekale espazioak solasaldiak eta aurkezpenak egiteko aukera eskainiko die artistei asteburu osoan zehar, eta adibidez, Estatuko Kale Arteen Profesionalek Elkartearen fundazio akta sinatuko dute profesionalek.