Hiru eguneko joan-etorriaren ostean azken eguna izango du biharkoa Umore Azokak. 50 taldek hartu dute parte jaialdian, 22 estreinaldi izan dira, eta 170 emanaldi baino gehiago eskaini dituzte. Jendetza bildu da Leioara horregatik. Behin betiko balorazioa amaitu gabe badute ere, orohar pozik azaldu dira antolatzaileak jaialdiak izan duen erantzunarekin, eta pozik daude profesionalen artean izan diren hartu-eman eta harreman komertzialekin ere.
SEI EMANALDI
Jaialdiaren azken eguna da gaurkoa, eta beraz gaurkoa izango da aurtengo emanaldiez gozatzeko azken aukera. Goizetik eguerdira arte kontzentratuta dator eskaintza, baina izango da zer ikusia. 10:00etan hasi eta 14:30era arte 6 emanaldi izango dira Leioako kaleetan. Ékoma Teatroren “Wifi-free”, To R Mansion japoniarren “Cinema Paradise”, Etorkizuna Kontzeptuak taldearen “Leihotik”, Marçel Gros clown kataluniarraren “Particular”, Pessic de Circ taldearen “Apicirc” eta Babirusa Danza konpainiaren “Ánimo Animal”.
2015EKO SARIAK
Gaur jakinaraziko ditu epaimahaiak aurtengo sarituen izenak. XVI. Umore Azokako Ikuskizun Onenarena; XVI Umore Azokako Euskal Ikuskizunik Onenarena; eta XVI. Umore Azokako Ikuskizun/Artista Berririk Onenarena. Diploma eta trofeoa jasoko dute hiru garaileek, eta Hameka sorkuntza fabrikan egoitza egiteko aukera ere izango du artista edo ikuskizunik onenarena jasotzen duen konpainiak. Garrantzitsuak dira sari hauek azokarentzat eta konpainientzat, beste azoka eta espazioetan ateak zabaltzeko balio dutelako. Gainera, azoka egunetan 150 programatzailek bertatik bertara jarraitu dituzte emanaldiak.