Umore Azokako egunik beteena izango da gaurkoa: 37 emanaldi izango dira goizetik gauera arte Leioako kaleetan. Urtero jenderik gehien bildu ohi duen eguna izaten da larunbatekoa, eta aurten ere horixe espero dute antolatzaileek. Azken txanpan sartuko da jaialdia jadanik, eta aurreko egunetan pieza estreinatu duten taldeen lanez gozatzeko azken aukera izango dute bisitariek. Baita Leioan egun horretan lehenengoz arituko diren sortzaileen lanak ikustekoa ere.
IZEN EZAGUNAK
Marçel Gros clown kataluniar entzutetsuak, esaterako, gaur eskainiko du “Particular” izeneko lanaren erabateko estreinaldia, Chirigóticas talde andaluziarrak umorez eta zirkoz betetako “Tres monjas y una cabra” pieza estreinatuko du, eta Euskal Herriko Ékoma teatro taldeak ere lehenegoz aurkeztuko du jendaurrean gaur egungo teknologiekiko menpekotasuna ardatz duen “Wifi-free” kalerako antzerki pieza.
Bertako dantzek ere izango du bere pisua gaurko egunean egitarauean. Izan ere, “Leihotik” lana eskainiko du Etorkizuna kontzeptuak kolektiboak, eta iaz “Gelajauziak” piezagatik Euskal Lanik Onenaren Saria jaso eta orain Max sari bat lortzetik heldu berri den Kukai dantza taldeak Tanttaka Teatroarekin batera sortutako bere azken pieza eskainiko du: “Hazipenen pozak”. Aski ongi ezagutzen ditu Leioako kaleak Jon Maia dantzariak gidatutako dantzari taldeak, eta aurten ere ez du zitara hutsik egin. Beren ibilbidea ardatz duen atzera begirakoa eskainiko dute gaur Errekalde Plazan.
Kalean artista gehien bilduko dituen eguna ere bada gaurkoa. Parte hartzaile zerrenda luzea da: Paolo Nani, Trio Trioche, Cacahuete konpainia, La Gross B., Paula Quintana, Lucio Baglivio, Cielo Raso, To R Mansion, Laitrum Teatre, Zootroupe, Serena Vione, Babirusa Danza, Rouge Eléak, eta Muyuyay. Horiek, besteak beste. Izan ere, lau egunez kale arteen hiriburu bilakatzen da Leioa, eta asko dira bertan egon nahi duten artistak. Jaialdia azoka ere badenez, beren azken lanentzako kontratu gehiago lortzeko aukera ere izaten baitute maiz sortzaileek.
JUAN ORTEGA OHOREZKO SARIA
Ohorezko Umore Azokako Saria banatu zuten atzo antolatzaileek Mendibile Jauregian egindako ekitaldian, eta baita 2014ko edizioko sariak ere. Euskal Herriko antzerki bultzatzaile nagusienetako bat da Juan Ortega Roldán (Elche de la Sierra, Albacete, 1943), eta hark jaso zuen 2015eko Umore Azokako Ohorezko saria. Lau hamarkada eman ditu Eibarko Antzerki jardunaldiak antolatzen, izen ezaguna da Euskal Herriko antzerkigintzan. Topaketa hauek saritu zituen Umore Azokak orain urte batzuk, eta Ortega izan zen orduan saria jasotzen. Oraingoan, berriz, bera izan da saritua, Umore Azokak bere ibilbide oparo bezain luzeari aitortza egin nahi baitio.
Gaztetatik hasi zen lanean Ortega. Irakasle gisa lan egitera etorri zen Eibarrera 26 urterekin. Unibertsitate Laboralean hasi zen eskolak ematen, eta geroztik antzerkigintzaren alde lan franko egin ditu. Izan ere, antzerki jardunaldietan ezezik, Debako Haur Antzerki Topaketako arduradun ere izan zen, eta bertako “Narruzko Zezen” unibertsitateko teatro taldeko sortzailea ere bada.
Erretiroa hartua du Ortegak, baina lanean jarraitzen du antzerkiaren alde. “Narruzko Zezen” taldearen zuzendari artistikoa da egun, eta Euskal Antzoki Sareko Batzorde artistikoko kide izan da orain gutxi arte. Horregatik, eta Umore Azokarekiko izan duen lotura estuagatik jaso du Leioako Mendibile jauregian Ohorezko saria.
Gainera, ekitaldi horretan iazko saridunei ere eman zitzaien garaikurra: Manolo Alcántara‐ren ‘Rudo’ ikuskizunak jaso du iazko Ikuskizun Onenaren Saria; orain gutxi Madrilen Max saria lortu duen Kukai Dantza Konpainiari eman diote Euskadiko Ikuskizunik Onenaren Saria “Gelajauziak” piezagatik; Publiko Guztientzako Umorezko Ikuzkizun Onenari Saria Kadavresky Compagnie de Cirque‐ren “L’effet escargot” ikuskizunak jaso du; Iron Skulls konpainiaren “Sinestesia” lanari eman diote Ikuskizun/Artista Berri Onenari Sari Berezia.