Maiatzaren 16, 17, 18 eta 19an egingo den 2019ko Umore Azoka – Leioako Kale Artisten XX. Azokan parte hartzeko proposamen artistikoak bidaltzeko epea azaroaren 20an bukatzen da.
Umore Azokak harrera egiten die kalea adierazpen eta komunikazio artistikorako bide gisa erabiltzen duten konpainia edota artista profesionalen lanei. Kale antzerki, musika, zirku, dantza eta bestelako lanak onartuko dira, izan haurrentzat, familientzat zein helduentzat.
Lanak Estatuan aurkeztu gabeak edo 2018an zehar aurkeztutakoak izan behar dute, eta oso modu positiboan baloratuko da Azokan bertan estreinatzeko proposamena, betiere Azokaren Zuzendaritza Artistikoak behar beste denbora badu estreinu horren kalitatea balioesten duten datuak biltzeko.