Umore Azoka – Umore Azoka – Leioako Kale Artisten Azoka ohiko egunetan egingo da aurten; pandemiaren eraginez, data-aldaketak eta ziurgabetasuna izan dira nagusi azken bi urteetan, baina ekimena indarberrituta dator aurten. Esan bezala, XXII. edizioa maia-tzaren 19tik 22ra egingo da; programazioa indartu, eta, berriro ere, Leioako kale eta plaza guztiak bere egiteko itxaropen bizia du ekimenak.
Kalea sormenerako gune izan daitekeela ulertu, eta kalean aritzearen aldeko apustua egiten duten konpainien erakusleiho bihurtu da Leioako Umore Azoka, eta gero eta gehiago dira beren lanak lehen aldiz erakusteko azoka hori aukeratzen duten estatuko eta nazioarteko konpainiak. Aurten, guztira, Umore Azokan parte hartzeko 550 eskaera jaso dituzte antolatzaileek ( % 15 Euskal Herrikoak, % 55 Estatukoak eta % 30 nazioartekoak). Zifra horiek pandemia aurreko edizioetan jasotakoak dakarzkigute burura, eta haiek baino hobeak dira, agian.
Guztira, 40 konpainia izango dira aurten gurean, eta 90 ikuskizun emango dituzte kalean. Horrez gain, programak askotariko diziplinak eskainiko dituela azpimarratu behar da, besteak beste, dantza, zirkua, performak, clown-ak, instalazioak eta mota guztietako musika-emanaldiak. Lau egunetan, ikuskizunik onenez gozatzeko aukera izango da.
Ikuskizunak askotarikoak izango dira, eta horren erakusgarri da Euskal Herriko 19 konpainiak parte hartuko dutela: Dantzaz, Deabru Beltzak, Hika Antzerki Taldea, Trakamatraka, Harrobia Dantza; Eva Guerrero konpainia, Zanguango Antzerki Taldea, Markeliñe Antzerki Taldea, Jokai, Ertza Sorkuntza, Orain-Bi, Barsanti konpainia, Maitane Sarrale, La Trapecionista konpainia, La Pez, Demode Produkzioak, Rouge Elea, Erre Produkzioak & Arteka & Markarada eta Jon Zabal.
Gainerako konpainiei dagokienez, 16 etorriko dira Estatutik (Andaluziatik, Aragoitik, Gaztela-Mantxatik, Kataluniatik, Galiziatik, Madriletik, Gaztela eta Leoitik, Valentziatik eta Balear Uharteetatik), Estatu mailako ekoizpen garrantzitsuenen espektro zabalaren erakusgarri. Bestalde, nazioarteko 5 konpainia ere izango dira Leioan, honako herrialde hauetakoak: Italia, Portugal, Frantzia, Txile eta Japonia.
Ikuskizun horiek guztiek, bai eta aurreikusitako jarduera guztiek ere (hala nola, hitzaldiek, jardunaldiek, liburu-aurkezpenek, “Umore Meetings” delakoek eta negozio-bilera azkarrek), kaleko arteen erdigune bihurtuko dute Leioa, eta barreak eta bizitza itzuliko dituzte herriko kaleetara.