Lau egunez kale arteen hiriburu bihurtu ditu Leioako kaleak XVII. Umore Azokak, eta balorazio “oso positiboa” egin du antolakuntza taldeak. Guztira, 38.000 ikusle izan dira azokan -iaz baino 11.000 gehiago-, eta oso pozik azaldu dira eskaintza artistikoarekin ere. Euskadiko, estatuko eta nazioareko 50 konpainiak 54 ikuskizun eskaini dituzte lau egunotan, eta erabateko 21 estreinaldiz gozatzeko aukera izan dute bisitariek. “Egiten dugun balorazioa ezin da baikorragoa izan”, adierazi du Ana López jaialdiko zuzendariak. “Edizio borobila izan da, ekaintza anitzarekin era guztietako ikuslearengana iritsi garelako”.
Igande gauera arteko festa
Euria ere ez da traba izan. Euri mehatxua izan da asteburu osoan, baina programatutako 125 emanaldietariko hiru bakarrik gelditu dira bertan behera. “Taldeen jarrera zoragarria izan da”, azaldu du zuzendariak. “Euri zaparradak hastean ere, prest egon dira apur bat eutsi eta beren saioekin aurrera jarraitzeko”. Pinosolo parkean iganderako antolatutako ekitaldien eta Leioako taldeen emanaldiz osatutako sekzio lokalaren arrakasta ere aipatu dute antolatzaileek. Izan ere, aurten lehenengoz izan dute Leioako taldeek sail propioa azokan, eta aurten lehenegoz luzatu da festa igande gauera arte parkean. Antolatzaileek zehaztu dutenez, ezin harrera hobea izan dute bi proposamenek herritarren artean.
Jarduera profesionala
Publikoaren presentzia eta gertutasuna nabarmentzeaz gainera, azoka egunetan izan den jarduera profesionala ere azpimarratu dute antolatzaileek. “Esan genuen Umore Azoka festa, jaialdia eta azoka bilakatzea zela asmoa, eta horixe da lortu duguna”. Sektorearentzako eta profesionalentzako topagune garrantzitsua da azoka, izan ere, eta profesionalen arteko hartu-emana sustatu eta sektorea sendotzeko ekitaldi sorta antolatu dira aurten ere. Artekale espazioan egindako topaketak dira horren adibide, eta baita Umore Azokan egindako sektorearen bilerak ere: SAREA Euskadiko antzoki sarearen biltzar orokorra, Estatuko Kaleko Arteetako Profesionalen Elkartearen sorrera akta ofizialki sinatzeko ekitaldia, eta II. Akitania-Euskadi Topaketa, kasu.
Sariak Vendaval, Philo&Jole eta Larruarentzat
Bestetik, Vendaval, Larrua eta Philo&Jole taldeen lanak saritu ditu XVII. edizioko epaimahaiak. “Teknika landu bati esker dramaturgia, konpromisoa,arriskua, antzerkia eta dantza orekaz batu, eta publikoaren emoziorik sakonenak pizten dituelako” saritu du Vendaval taldearen “Soif/Sed” lana Kale Ikuskizunik Onenaren Saria rekin. Philo&Jole konpainiak, berriz, Euskadiko Kale Ikuskizunik Onenaren Saria jaso du “Mr. Pichichi” obragatik, “kale arteen funtsera heltzen den pertsonaia sortu, eta umorea, inprobisazioa eta publikoarekiko harremana uztartuz inguruarekin jolasteko duen maisutasunagatik”. Larrua konpainiarentzat izan da Artista/ikuskizun berri Onenaren Saria “Larrua” lanagatik, “break dancean eta dantza garaikidean oinarritutako lengoaia propioa eraikitzeagatik eta dantzariek lortutako batasunagatik”.
Kukai Dantza konpainiak jaso du 2016ko Umore Azokako Ohorezko Saria. Bere ibilbide arrakastatsu eta oparoa aitortzea izan da antolatzaileen asmoa. “Dantza tradizionala ikusgarri bihurtu du Kukai Dantza taldeak, beti begirada garaikidearekin”. Jon Maya koreografo eta konpainiako zuzendariak eskerrak eman, eta Umore Azokak kale arteentzat duen garrantzia nabarmendu zuen saria jasotzerakoan.