Ikuslego eta profesionalen kopuruak, konpainia parte hartzaileen kalitate artistikoak eta eguraldi onak Umore Azokaren hamabostgarren edizioaren arrakasta ahalbidetu dute. 2014ko Umore Azokak oso harrera ona izan du. Maiatzaren 15etik 18ra, 35.000 izan dira Leioan bildu diren ikusleak, eta 210 azokan parte hartu duten arte eszenikoetako profesionalak, aurten gainera presentzia aktiboagoa erakutsi dute.
Umore Azokaren hamabostgarren edizioa arrakastatsua izan da neurri handi batean gerturatutako ikusle eta profesionalen kopuru eta egitarauko lanen kalitate handiarengatik. Eguraldi ona ere lagungarria izan da, azkenik aurreikusitako 120tik gora emanaldi eskeini ahal izan dira, bi ikuskizun izan ezik. Antzezguneak konpainien eta ikuslegoaren gustukoak izan dira eta formatu handiko ikuskizun zein proposamen intimoen elkarbizitza ahalbidetu dute. Formatu txikiko lanak Errotan edota Udaletxean ikusi ahal izan dira, bestalde Errekalde plaza hiru antzezgunetan banatu da eta Pinosolo Parkea familientzako gune ludiko artistikoan bilakatu da.
Azokaren Zuzendari Artistikoa den Ana López Asensiok edizio honen arrakastaren arrazoi nagusitzat konpanien kalitate artistikoa, erakutsitako jarrera ona eta ikusleenganako hurbiltasuna, eta antolakuntzako lan taldeen lan fina azpimarratu ditu: “Eskertu nahi dugu konpainien jarrera eta gure lan taldeek egin duten lana. Teknikoen taldea edota erregidorrena, besteak beste, Azokan dena ondo irten zedila lortu dutenak. Honela, antzezgune guztiak errespetatu ziren eta emanaldi guztiak puntual hasi ziren”. Bestalde, Ana López Asensiok azoka beraren funtzionamendua nabarmendu du: “Azokari etekina atera diote konpainiek. Aurten programatzaile eta konpainien arteko harremanak sendotu dira eta elkartrukeen kopurua handitu egin da. Batzutan emanaldiak bukatu bezain pronto burutu dira” .
Era guztietako ikuskizunak batu diren lau jardunaldi biziren ondoren epaimahaiak jarraian zehazten diren sariak eman ditu:
Ikuskizun Onenaren Saria Manolo Alcántara-ren ‘Rudo’ lanarentzat izan da, babesik gabeko egoerak irudikatzen duen mundu poetiko eta originala sortzen duen ikuskizuna delako, ikusleen hurbiltasunezko harremanaruntz daramaten disziplina eta sentikortasun ezberdinak uztartuz.
Euskadiko Ikuskizun Onenaren Saria Kukai Dantza Konpainia-ren ‘Gelajauziak’ ikuskizunarentzat izan da, herri-dantzen bilakaeratik abiatuta, mundu estetiko ezagunen garapenean aurrerapausua lortu dutelako, dimentsio unibertsaleko proiekzio artistikoa lortuz.
2014ko Umore Azokan bi sari berri eman dira:
Publiko Guztientzako Umorezko Ikuzkizun Onenari Saria Kadavresky Compagnie de Cirque-ren ‘L’effet escargot’ lanak eraman du,publiko guztien barre kutsakorra sortarazten duen zirku berriaren erakusgarria izateagatik, egunerokotasunaren elementuak hartu eta akrobaziak eta malabareak egiteko lan esanguratsuak bilakatzen dituena.
Ikuskizun /Artista Berri Onenari Sari Berezia Skulls Co.-en ‘Sinestesia’ ikuskizunarentzat izan da,zirku, dantza esperimentala, hip hop eta kalean hazteko kode zein lengoaia berrien fusioaren aukerak nabarmentzen duen taularatze originala proposatzen duen antzezlana izateagatik.