Hortzmuga Teatroari eman diote 2014ko Umore Azokako Ohorezko Saria. Golardo honen helburua Arte Eszenikoen inguruan lan azpimarragarria egiten duen konpainia, pertsona edo erakundea saritzea da eta azokako antolatzaileek “konpainia bizkaitarrak kale arteen arloan murgilduta daramatzan hogeita bost urte luzeetan bizi izandako transforamazioa nabarmentzea nahi izan dute, antzerki konprometituaren aldeko apostua eginez ume zein helduentzako kalitatezko proposamenak taularatuz”.
Guztiz hunkituta jaso dute Hortzmugakoek sari hau, eskerrak emanez. Jakinarazi dute ere bai gaur arazo teknikoak direla eta, gaur arratsaldean egin behar zuten estreinaldia bertan behera geratu dela. Eskerrak eman dizkiete Azokako antolatzaileei zein bidaide guztiei, haiek gabe euren bidai ezinezkoa izango litzatekeelako. Bukatzeko, elkarlan sareen garrantzia azpimarratu dute, Artekale elkartea bezalakoak, konpaini, banatzaile zein programatzaileek osatzen dutena.
Leioako Mendibile Juaregian eguardiko 14.00tik aurrera ospatu den 2014ko Umore Azokako harrera ekitaldi ofizialean ezagutzera eman da sarituaren izena. Aldez aurretik, ekitaldi berean, 2013ko Umore Azokako Sariak banandu dira:
“4×4” Ertza konpainiaren ikuskizunak Euskadin sortutako Kaleko Ikuskizun Onenaren Saria jaso du eta Daad, konpainia holandarraren, ‘La cuisine macabre’-k Kaleko Ikuskizun Onenarena.
Bestalde, Fet A Mà kataluniarren ‘Swap!’ muntaiak Epaimahaiaren Aipamen Bereziarekin saritua izan da.
Aurtengo Umore Azokako edizioarako aipatu berri ditugun sari kategoriez gain beste bi gehitu dituzte, hots: 2014ko Mercè Sari Berezia, adin guztietako publikoari zuzendutako umorezko ikuskizun onena nabarmenduko duena, aukeratutako konpainia jaialdi honetako 2014ko edizioan parte hartzeko aukera izango duelarik, eta 2014ko Hameka Sari Berezia, artista ala konpainia berri onenari eskeiniko zaiona, irabazleak bere hurrengo ikuskizunerako sormen erresidentzia bat izateko aukera izanez.
Epaimahaiak erabakitako aurtengo irabazleak, igandean, maiatzaren 18an, 2014ko Umore Azokako azken egunean burutuko diren ekitaldi guztien ondoren ezagutaraziko dira.
Azoka aurrerantza doa
Bihar, maiatzak 17 larunbata, Leioara hurreratuz gero formatu txiki zein handiko zirko, antzerki, dantza ala musikako ikuskizunen 44 emanaldi ikusteko aukera egongo da, tartean bi euskal konpainien estreinaldiak. Alde batetik Shakti Olaizola kontorsionistak “…irakurriz’ piezan neska gazte baten mundu bitxian sarreraziko gaitu, oroimenez, hausnarketaz, aurkikuntzaz eta ametsez beteriko istorioan murgilduz liburuak eta irakurketa oinarri izanik. Bestalde, Trapu Zaharrak konpainiak “La conga’ aurkeztuko du. Azken lan honetan, Virgen de los desamparados izeneko sindikatuaren egoera latza ikuskatzen da, besteak beste, afiliatu gehiago behar ditu aurrera egiteko eta beharrizan hoiek betetzeko sei asteko iraupena duen ikastaro berezia antolatuko du kalean.
Gorputzeko atal ezberdinekin era guztietako zaratak eta keinuak egiteko gai dira Sons de Toile konpainia frantseseko kideak, larunbatean, gaitasun berezi horren adibide argi eta mugagabea den “Zou!” lana aurkeztuko dute aurrenekoz estatuan.
Besteak baste, Laboratorio Tàbathak ‘El escaparate urbano’ antzeztuko du larunbatean eta Cielo RasO konpainiak, ‘Carnaval’. Atempo Circ-en ‘Deal’ zirko proposamena ere aurreikusitako dago eta Garrapeteren ‘Clownciertazo’ lana. The Funes Troup-ek bere aldetik ‘The funes van’ zirko ikuskizun barregarriari ekingo dio.
Nobedade hauez gain, aurreko jardunaldietan aurkeztuak izan diren zenbait muntai ikusgai egongo dira oraindik larunbatean ere. Esaterako Manolo Alcántararen ‘Rudo’ zakarkeria bizikide duten gizakiez mintzo den muntaia edo Obskene konpainia katalanak Lope de Vega-ren‘Fuenteovejuna’ obraren moldaketa eguneratua. Nazioarteko zenbait konpainien lanak ikusteko aukera egongo da, berriz ere, larunbatean. aipagarria da adibidez Bram Graafland artista belgiarraren ‘The yelling kitchenprince’ gastronomiak, imaginak eta doinuak bat egiten duten performancea, edota Picto Facto frantsesen ‘Billavesées l´estaminet’ instalazio koloretsua.
Umore Azoka Arte Eszeniko munduko profesionalentzat topagunea izateaz batera Leioa bertako talde eta agente kulturalak mobilizatzen duen hitzordu garrantzitsu bat da. Larunbatean, Leioako Musika Bandak ibilbide alai eta bizi bat egingo du. Grimm anaien Hamelingo txirulari ezaguna eredu hartuta, oinezko kalean hasita Pinosolo parkera arte ibilbide musikatua burutuko du. Honekin batera, ALBE-Algortako Bertsolari Elkarteak antolatutako `Bertsoklown, bertsolaritza eta klown teknika uztartzen dituen ekitaldia ere burutuko da. Azkenik aipagarria da ere VIII. Argazki Rally-a , urtero legez jende askoren partaidetza espero dena, publiko, argazkilari eta profesional ugari mobilizatuko dituena.